Gaztetxoentzako tailerrak maiatzean zehar, auzoz auzo

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mai. 5a, 18:18

Maiatzeko larunbat goizetan zehar herriko gaztetxoek ez dute aspertzeko aitzakiarik izango. Tailerrak antolatu ditu Udalak, auzoz auzo egingo direnak. Lehenengoa bihar izango da, Zumaburuko Isla Plazan, 11:00etan.

Herriko gaztetxo lasarteoriatarrek zapitxo edo mantarrekin eskulanak egin ahalko dituzte bihar goizean Isla Plazan, 11:00etatik aurrera. Hori izango da Udalak maiatzerako prestatu duen egitasmoaren lehenengo tailerra. Eguraldi txarra egingo balu, plaza alboko arkupeetan egingo lukete aipatu ekitalditxoa.

Maiatzaren 13ko hitzordua Zabaletako Antonio Blas plazan izango da. 'Eva' goma euskarritzat hartuz, mota guztietako maskarak egingo dituzte tailerra burutzera animatzen diren haurrek. Hilaren 20an, berriz, gofreak egin ahalko dira Atsobakarreko plazan (eguraldi txarra egingo balu, Semblante Andaluzen egoitzara lekualdatuko lirateke). Eta, bukatzeko, kamisetak estanpatzeko tailerra, Jaizkibel Plazan (euria eginez gero, Gaztelekuan). Horiek guztiak 11:00etan hasiko dira.