Gurasoek eta haurrek Gaztelekua bera eta eskaintzen dituen ekintzak ezagutzeko, ate irekiak jardunaldiak antolatu dituzte biharko, larunbaterako. Guraso eta tutoreek 17:00etan dute hitzordua. Gaztetxoak ordubete geroago joan daitezke. Haientzako hainbat ekintza antolatu dituzte: mahai tenis txapelketa eta txapa ikastaroa. Amaitzeko merendola bat egingo dute.
Bestalde, Txus Alonso Kirola, Festa eta Gazteria zinegotziak 5+1 ekimena aurkeztu du, gaztetxoei haien gustuko ikastaroak eskaintzeko. Pertsona batek ikastaro batean parte hartzeko prest dauden beste bost lagun erakartzen baditu, "baliabideen arabera" ikastaroa antolatu, eta hobariak izango lituzke proposatzaile horrek.