Gazteei aisia alternatiboa eskaintzea da helburua. Horrela azaldu du Jesus Zaballos alkateak asteartean egindako agerraldian. Horretarako, 'Zombie Survival' rol jokoa antolatu dute larunbat gauerako, baina hori baino lehen ere izango dute non gozatua 15 eta 30 urte bitarteko gazteek.
Maialen Chourraut kiroldegian, saskibaloian eta areto futbolean aritzeko hiru kirol ginkana antolatu ditu udalak, Ostadar SKT-rekin eta Eguzkirekin batera.20:30ean hasiko dira ginkanak, eta 22:00ak arte horietan parte hartzeko tartea izango da.
Izena ematea beharrezkoa dela jakinarazi dute agerraldian, eta horretarako, zenbait helbide elektronikora idatzi beharko da. Saskibaloi ginkanan parte hartu nahi duenak, ostadarsaskibaloia@hotmail.com helbidera mezu bat idatzi behar du, eta areto futbolekoan aritzeko, berriz, eguzkiaretofutbola@outlook.com.
Jokoak amaitzean, sari banaketa egingo dela gehitu du Txus Alonso zinegotziak, eta 23:00etan hasiko den 'Survival Zombie' rol jokorako sarrerak, zein kultur ekitaldietan erabili ahal izateko bonuak banatuko dituztela jakinarazi du.