Gaztaina erre eta talo artean igarotzeko eguna

Txintxarri Aldizkaria 2017ko abe. 15a, 10:40

Urteroko usadioari eutsiz, San Tomas eguna ospatuko da datorren ostegunean, Okendo plazan. Txistorraz beteriko taloak, gaztaina erreak eta sagardoa dastatzeko aukera izango da lehenik, eta dantza eginaz emango diote amaiera egunari

Abenduaren 21a egun seinalatua izan ohi da euskal egutegian. Baserritar jantziei hautsak kendu, eta dotore jantzita irtenda, San Tomas eguna ospatzen da hainbat herritan. Lasarte-Orian ere urteroko usadio da azoka eguna, eta aurten ere ez du hutsik egingo. Datorren ostegunean, arratsalde ederra pasatzeko aitzakiarik ez zaie faltako lasarteoriarrei. 

17:00etan zabalduko ditu ateak azokak, eta 20:30era bitarte, bertan salgai izango diren produktuak erosi, dastatu eta dantza egiteko tartea izango da.
Hainbat postu izango dira aurtengoan ere plazan. Batetik, Txistorraz beteriko taloena, eta danbolinean erretako gaztainen eskaintza izango da. Jatekoari edanaz laguntzeko, sagardoa ere banatuko du Ttakun Kultur Elkarteak.

Horrekin batera, Alboka abesbatzak eta Oriarte Institutuak ere postu bana jarriko dituzte, eta antolatzaileek jakitera eman dutenez, haurrentzako talo tailerra ere izango da. Etxeko txikiek taloa egiten ikasiko dute, eta prestatu ostean, bertan egin eta jateko aukera ere izango dute.

Ondoren, Ttirriki Ttarrakako  trikitilarien erromeria, bertsolariak, Xumela korua eta plaza dantzako Erketz taldea eta Kukuka arduratuko dira herritarrak dantzan eta kantuan jartzeaz.

Eguberrietako ekintzak

San Tomas eguna igarota, gabonetako ekintza izango dira egunotan haurrentzako. 

Astelehenean, Xixukok Landaberriko haurrak bisitatuko ditu, eta asteartean, berriz, Sasoeta-Zumaburukoak. Horrekin batera, astelehenean ere talo tailerra egingo dute.