Lasarte-Oria, euskaraz blai

Txintxarri Aldizkaria 2017ko api. 5a, 02:33
Gaueko hamaikak inguruan iritsi da 'BatZuk' lelodun 20. Korrika gure herrira. Batzuk ez, lasarteoriatar asko animatu dira beste urte batez euskararen alde urrats batzuk lasterka egiteko, eguraldi txarrari desafio eginez.

Egunotan asko zabaldu da sare sozialetan Patxi Huarte 'Zaldieroa' ilustratzaileak duela bi urte Berria egunkarirako egindako zinta, 19. Korrikaren harira, '@Exprai' twitter kontuari irakurritako esaldi batetik abiatuta: "Egun hauetan hunkigarria da pentsatzea edozein ordutan, nonbaiten, zoro zoragarri batzuk euskararen alde korrika dabiltzala". 19.ean egon ziren, eta 20.ean ere bai: zoro lasarteoriatar batzuek, edo, hobe esanda, zoro askok, euskararen alde lasterka egin dute gaur gauean, eguraldi txarrari desafio eginez, 20. Korrikaren lekukoa gaueko hamaikak inguruan gure herrira iritsi denetik.

Ttakun Kultur Elkarteak egin du lehenengo kilometroa. Aldizkari honetako langileek eta Kuadrillategi egitasmoko gazteek eraman dute, elkarrekin; 500 metro bakoitzak. Ondoren, herri sarreratik hasi eta erdigunean barrena eraman dute EAGI enpresak, Aterpeak, Ostadar SKTk eta Erketzek (kilometroa partekatu dute), Muntteri AEK euskaltegiak, LAB sindikatuak eta herriko elkarte gastronomikoek.

7. lekuko aldaketara iristean, Pinutegi kale hasierara, herritarrek erakutsi dute sasoi onean daudela, eta giro ederrean abiatu dira Buenos Aires ingurura. EH Bilduk, Zabaleta Auzoa Elkarteak eta herriko ikastetxeek eraman dute lekukoa auzoan barrena. Aldapa jaistean, Buruntza kale hasieran, Xumela abesbatzako eta Sorgin Jaietako lagunen txanda iritsi da. Ttipi-ttapa korrika abiatu dira Kale Nagusian barrena, udaletxe zaharrera iritsi arte. Bertan, udal korporazioko kideek hartu dute testigua. 

Zumaburuko eliza parean izan da 12. testigu aldaketa: Dinbi Banda batukada taldeak eta Kukuka antzerki eta dantza eskolak kilometro partekatuan elkarrekin egin dute korrika, Txartel hoteleko biribilgunera arte. TSST garraio enpresako kideak zeuden zain hor. Oria Txikin berriz, Argia aldizkariko eta Antza inprimategiko lagunek kilometro partekatua egin dute. Hortik mila metrora iritsi da gaueko une hunkigarrienetako bat: sentipenez beteriko lekukoa hartu dute Arrate Otaegi eta 'Fleki' Izagirre zirenen familiek, eta baita Lasarte-Oriako Gure Esku Dagok.

Azken txanpan sartu dira herritarrak orduan: Biyak Bat adinekoen egoitza parera iristean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek alai-alai hartu dute testigua, eta Landaberri Guraso Elkarteko kideei eman. Horiek izan dira herrian barrena azken metroak egin dituztenak, Zubieta hasierara iritsi arte.

Eta, gure herrian gertatu bezala, zoro zoragarriek euskararen alde kilometroak egiten jarraituko dute, apirilaren 9an, igandearekin, Iruñera iritsi arte.

Hemen atzoko Korrikan atera genituen argazkiak eta bideoa ikusgai.