Gaztetxoenek hasi dute festa

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ots. 9a, 19:15
Lasarte-Oriako ikastetxeetan izan dira lehenak Inauteriak ospatzen. Garaikoetxea eraikinekoak euskal inauteriei egin diete erreferentzia. Sasoeta Zumaburun eta Landaberri LHn lanbideen gaiari heldu diote

Askok mozorroei azken ukituak ematen ariko dira oraindik, larunbatean, Inauterien egun handian, jarriko baitituzte indar guztiak. Baina festa hasi dute batzuk, ikastetxeetatik bertatik. Gaztetxoenak izan dira lehenak mozorroak ipintzen. Landaberri Garaikoetxean, Sasoeta Zumaburun eta Landaberrin hasi dute festa. 

Euskal inauteriak landu dituzte Garaikoetxea eraikinean. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailakoak dantzan aritu dira. Eguraldi txarra dela-eta gimnasioan egin behar izan dute, eta gurasoak ezin izan dira gerturatu. 

Sasoeta Zumaburun, berriz, aurtengo gaiari heldu diote: lanbideei. Suhiltzaileak, mekanikoak, pintoreak, argazkilariak... Lehen Hezkuntzako haurrak ofizioen ordezkaritza zabala erakutsi dute. 

Landaberri LHn ere herrirako aukeratutako gai orokorra hartu dute abiapuntutzat, eta denetariko mozorroak soinean, ikuskizun polita eskaini dute gimnasioan. Aretoa kolorez bete dute suhiltzaileek, jatetxeko langileek, lapurrek, arotzek, zurginek, rap abeslariek, saskibaloi jokalariek, zinema munduko langileek...eta mekanikariz jantzitako irakasleek, emanaldia biribiltzeko. Asteburura begira motorrak bero-bero dauzkate gaztetxoek eta irakasleek. Bihar ere aukera aparta daukate Lasarte-Oriako festaz gozatzeko.

Argazki galeria

Bideoteka