Igandean Lasarte-Orian egingo den herri-galdeketaren harira, hitzaldia antolatu zuen herriko Gure Esku Dago herri ekimenak, asteazkenean, Villa Mirentxun.
Iluntzeko 20:00etan izan zen hitzordua, eta ordurako, herritarrez beterik zegoen aipatu lekuko hitzaldi aretoa; zai ziren guztiak Garbiñe Biurrun epailearen eta Angel Oiarbide Gure Esku Dago ekimeneko bozeramailearen hitzaldia entzuteko prest.
Bi gonbidatuek herri ekimenak aurrera eramandako herri galdeketetan partu hartu dute dagoeneko, Tolosan eta Idiazabalen, hain zuzen eta prozesuaren inguruko zenbait iritzi partekatu nahi izan zituzten bertan bildutako ikus-entzuleekin.
Hitzaldiaren hasieran Maider Segurola aurkezleak aipatu moduan, emozioetatik abiatu nahi izan zuten, eta horretarako, bertaratutakoei papertxo batzuetan igandeko herri galdeketara begira sentitzen dituzten emozioak idazteko eskatu zieten.