Garaiko eta gertuko produktuak erosteko V. Baserriko Azoka

Txintxarri Aldizkaria 2017ko aza. 6a, 16:50
Bosgarren urtez jarraian, baserriko produktuak erosi eta dastatzeko aukera bikaina izango dute larunbat honetan herritarrek. 10:00etatik 14:00etara egongo dira zabalik hainbat herritatik etorritako postuak. Zortzi izango dira aurtengoak, eta bezeroek garaiko produktuak eta gertukoak eraman ahal izango dituzte etxera

Sasoiko barazkiak, hazi ekologikoak, gozoak, ahatekiak, esnekiak ...baserrian ekoiztutako produktuak erosteko aukera zabala izango dute herritarrek, larunbatean egingo den bosgarren Baserriko Azokan. Horren berri eman dute gaur goizean Lasarte-Oriako udal ordezkariek eta Behemendi landa garapenerako agentziak. 

Garaiko produktuak, gertu

Ainhoa Amundarain Behemendiko ordezkariak agerraldian agertu moduan, zortzi edo bederatzi postuk osatuko dute aurtengo azoka, eta horietan guztietan tokiko produktuak erosi eta dastatu ahal izango dela azpimarratu du. Baserriko produktuak herrira gerturatzea du helburu azokak, eta horri eutsi asmoz, udazkeneko salgaiak izango dira nagusi. 

Agerraldia amaitu aurretik, antolatzaileek dei egin diete herritarrei larunbateko azokara gerturatu daitezen, eta produktuak eros ditzaten; aurreko urteetako azokek izan dute arrakasta berbera edo gehiago izatea espero dute. 

Umeentzako jolasak

Helduek azokaz gozatu eta erosketak egiten dituzten bitartean, etxeko gaztetxoentzat jolasak antolatuko dituztela ere eman dute aditzera.