Sasoiko barazkiak, hazi ekologikoak, gozoak, ahatekiak, esnekiak ...baserrian ekoiztutako produktuak erosteko aukera zabala izango dute herritarrek, larunbatean egingo den bosgarren Baserriko Azokan. Horren berri eman dute gaur goizean Lasarte-Oriako udal ordezkariek eta Behemendi landa garapenerako agentziak.
Garaiko produktuak, gertu
Ainhoa Amundarain Behemendiko ordezkariak agerraldian agertu moduan, zortzi edo bederatzi postuk osatuko dute aurtengo azoka, eta horietan guztietan tokiko produktuak erosi eta dastatu ahal izango dela azpimarratu du. Baserriko produktuak herrira gerturatzea du helburu azokak, eta horri eutsi asmoz, udazkeneko salgaiak izango dira nagusi.
Agerraldia amaitu aurretik, antolatzaileek dei egin diete herritarrei larunbateko azokara gerturatu daitezen, eta produktuak eros ditzaten; aurreko urteetako azokek izan dute arrakasta berbera edo gehiago izatea espero dute.
Umeentzako jolasak
Helduek azokaz gozatu eta erosketak egiten dituzten bitartean, etxeko gaztetxoentzat jolasak antolatuko dituztela ere eman dute aditzera.