Astearteko ohiko biltzarra azkar batean amaituko zela zirudien, gai zerrendako bost puntuak eztabaidarik gabe onartu baitzituzten, aho batez. Uztaileko batzarraren aktaren onarpena; euskararen erabilera normalizatzeko plan estrategikoa; alkatea ahalduntzea Ola kaleko obra eta jabetza horizontaleko eskriturak sinatzeko; eta udalaren araudiaren 40.2 artikulua aldatzea. Horiek minutu gutxitan adostu dituzte. EH Bilduk, EAJk eta ADLOPek presaz sartutako mozioak ere aurrera egin du, PSE-EEren abstentzioarekin; udaleko langile publikoen hitzarmeneko artikulu bat moldatu dute, senide gaixoak edo haurrak zaintzeko eszedentziak erraztu ahal izateko.
Edonola ere, azkenean batzarra luzatu egin da, erreguen eta galderen txanda aprobetxatu baitute oposizioko zinegotziek udal gobernuari kontuak eskatzeko. EAJko Jon Antxordokik ikastetxeak berritzeko diru laguntzen auzia ekarri du gogora. "Ez da ziurra Eusko Jaurlaritzak aurrekontuak izango dituen hurrengo urtean, eta aurten galdutako diru laguntza ezingo da jaso". Kontrakoa uste du, ordea, Jesus Zaballos alkateak. "Uko egin zitzaion diru laguntza horri, udaleko aurrekontuetan ez zelako aurreikusi obra. Hurrengo urtean egingo da, nahiz eta Eusko Jaurlaritzako aurrekontuak luzatu".
Arkaitz Naya ADLOPeko bozeramaileak lokalak uzteko arauaren inguruan galdetu dio alkateari, noizko egingo ote den galdetzeko. "Lege prozedura aldatu denez, prozesu parte hartzaile bat egin behar da, kontutan hartuta batzordeak onartu zuen araua", erantzun dio Zaballosek.
Pablo Barrio EH Bilduko ordezkariak Gizarte Zerbitzuei buruzko zalantzak plazaratu ditu. Bajan dauden langileen ordezkapenak ez direla egin salatu du, baina Lourdes Acevedo Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak gezurtatu egin du. Bestalde, Leire Elizegi EH Bilduko bozeramaileak Euskaraldia ekarri du gogora, parte hartu duten erakunde, elkarte eta norbanakoak zoriontzeko. Horrez gain, udalari eskatu dio herrigintza eta euskalgintza babesteko, eta herriko elkarteekin elkarlana sustatzeko.
Ttakun Kultur Elkartea
Azkenik, Jokin Guridi Ttakun Kultur Elkarteko kudeatzaileak hitza hartu du, azken hilabetean jasotako gertakariak salatzeko. Izan ere, TXINTXARRI-ko bi banatzailek erasoak jasan dituzte lanean ari zirela. Elkarteak instantzia jarriko du udalean, gertatutakoa gaitzetsi, eta banatzaileen segurtasuna bermatu ahal izateko neurriak eskatzeko. "Herritarren eskubidea da TXINTXARRI etxean jasotzea".