Gaitasunen erakustaldi koloredun eta anitza

Txintxarri Aldizkaria 2017ko aza. 22a, 10:20
Ilusioz eta gogoz beterik, abenduaren 2ko jaialdia prestatzen ari dira Jalguneko lagunak. Astearte arratsaldean eman zuten ekitaldiaren berri

Lasarte-Orian Gai gara. Hori da aurtengo jaialdirako Jalgune elkarteak aukeratutako leloa. Horrela eman dute ezagutzera, astearte arratsaldean egindako prentsaurrekoaren bidez.

Jalguneko kideak koloredun lepokoak jantzita, Jesus Zaballos alkatearekin eta Lourdes Acevedo Gizarte Zerbitzuetako batzordeko lehendakariarekin batera aurkeztu zuten abenduaren 2rako prestatu duten egitaraua. Den dena ordea, ez dute ezagutzera eman; sorpresa ugari izango dira, eta horiek jaialdian bertan ezagutu ahal izango dira.

Leloari jarraituz, gaitasunen erakusleiho bihurtuko dute Manuel Lekuonako aretoa jaialdiaren egunean. "Oharkabean, errepikapenaren eta errutinen ondorioz naturalak bilakatzen dira gaitasunak, eta gure nortasuna eraikitzen laguntzen digu", azaldu dute Beatriz Alonso eta Pili Bermejo begiraleek. Gauza asko egiteko gai direla azpimarratu dute, eta ez nola nahi gainera, "nahiko ondo". Gaitasun guzti horiek erakutsiko dituzte beraz, abenduaren 2an.

Lasarte-Oriak bizi eredu izaten lagundu

Jalguneren oinarria da herri mailan elkartearen inklusioa sustatzea, eta bide horretan, Lasarte-Oriak "bizitza eredu bat izaten lagundu dio Jalguneri". 

Alonso eta Bermejok azaldu moduan, "gai gara Lasarte-Orian ogia erosteko, paseatzeko, kontzertuetara joateko, merkatura joateko, eta beste hainbat gauza gehiago egiteko, eta aniztasunaren parte izatearen erantzukizuna herriarena da, denona". 

Egitaraua

Festa eta ilusioa izango dira nagusi abenduaren 2an, Lasarte-Orian.

17:30ean, Beheko kalen emango diote hasiera arratsaldeari. Dinbi Banda batukada taldeak lagunduta, herriko kaleak girotuko dituzte ondoren Manuel Lekuonara joateko.

18:30ean iritsiko dira kultur etxera, eta sorpresaz beteriko jaialdiari ekingo diote. Ospakizun polit bezain hunkigarria eskainiko du Jalgunek. Amaieran, familia argazkia aterako dutela iragarri dute.