Eguberrietako festetan oporrak eduki ohi dituzte etxeko gazteenek. Aspertzeko tarterik ez dute edukiko, ordea, Gabonetako Haur Parkea irekita egongo baita egun hauetan, hilaren 31ra arte. Goizetan, 11:00etatik 14:00etara irekiko ditu ateak Michelingo guneak; arratsaldetan, 17:00etatik 20:00etara. Abenduaren 24an eta 31n goizez bakarrik egongo da zabalik, eta, 25ean, itxita egun osoan. Michelingoa da gune nagusia, baina ez bakarra: familientzako bitarteko karpa jarri dute Oria auzoan.
Atzo arratsaldean inauguratu zuten aurtengo parkea. Arduradunez gain, udal gobernuko hainbat kide ere gerturatu ziren Michelinera, Jesus Zaballos alkatea tartean zela. Michelingo gunera sartzearen truke, euro bat ordaindu beharko dute pertsona helduek; doan sartuko dira haurrak.
Emanaldi bereziak
Parkean bertan dauden jarduerez gain, emanaldi berezi batzuk ere prestatu dituzte antolatzaileek. Datorren asteazkenean, hilak 27, arratsaldeko zazpietan, Begira festa antzerkiaz gozatu ahalko dute herritarrek. 30ean ere, antzerki emanaldi bat: Patata tropikala. 31n, azken egunean, itxiera ekitaldi berezia programatu dute: agurra dantzatu, eta joko batzuk egingo dituzte.