Gabon eguna girotu dute herritarrek

Txintxarri Aldizkaria 2018ko abe. 24a, 11:50

Gabon gaua iristeko irrikatan daude Lasarte-Oriako txikiak. Olentzerok eskatutako opariak ekarri dizkien jakiteko ordu gutxi geratzen dira, eta aurretik, abestera irten dira kalera. Mari Domingiren bisita izan dute goizean ikastetxeetako haurrek, eta eguerdian Xixuko ere agertu da Okendora. Azken eskutitzak jaso, eta gazteekin egoteko tartea izan du. Zabaletako lagunak ere baserriz baserri aritu dira kantari. Eguerdian, aurten jaiotako haurrei omenaldia egin diete.

Zabaleta auzoko lagunak izan dira goiztiarrenak. Auzoko etxe eta baserrietan barrena, kantatzera atera dira goizeko 10:00etan.

Landaberri eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeetako haur eta gurasoak ere irten dira kalera. 11:00 egin dute hitzordua Jaizkibel plazatik, eta gabon abestiak kantatuz, herrian barrena egin dute kalejira. Aurten gainera, Mari Domingi izan dute lagun. Herritarrengana etorri da, eta ikastetxeetako gazteekin batera, abestuz eta dantzatuz igaro du goiza.

Ttirriki Ttarrakako trikitilari eta pandero jotzaileak arduratu dira musika jartzean, eta giro paregabea igaro dute goiza.

Xixuko Okendon

Eguerdian agertu da Olentzeroren eta Mari Domingiren laguntzailea Okendora. Haurren eskutitzak jasotzen aritu da, eta postontzian sartu dituzte, gero ikazkinari emateko. Giro hotza epeltzeko, txokolate beroa dastatzeko aukera ere izan dute.

Arratsaldeko ekitaldiak

Alboka abesbatzak urteroko emanaldia eskainiko du. Atsobakar erresidentzian emango diote hasiera, baina herriko kaleetan barrena ibiliko dira gero. Horrez gain, Olentzero eta Mari DOmingi etorriko iritsiko dira Lasarte-Oriara. Arratsaldeko 17:00etan abiatuko dira Xixuko eta Porrotxek lagunduta Loidibarrengo pilotalekutik, eta herrian barrena desfilea egin eta gero, Okendon egingo diete harrera. 

Hemen goizeko argazkiak