Froilan Elespe gogoratuko du PSE-EEk

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mar. 23a, 10:00

Alderdi sozialistako kideek lore eskaintza egingo dute Illarraltzuetan. Froilan Elespe saria banatuko du Lasarte-Oriako PSE-EEk. Lasarte-Oriako Danok Kide guraso elkarteak jasoko du aurten saria herrian egiten duen lanarengatik

PSE-EEk Froilan Elespe Lasarte-Oriako alkateordea izango du gogoan larunbatean, martxoaren 24an, bi ekitaldi ezberdinekin: lore eskaintza eta Froilan Elespe sariaren banaketa. 

Eguerdian, Gipuzkoako eta Lasarte-Oriako alderdi sozialistako kideek Illarraltzueta hilerrian lore eskaintza egingo dute Elesperen hilobian. 

17 urte bete dira ETAk Lasarte-Oriako alkateordea hil zuenetik eta Gipuzkoako eta Lasarte-Oriako alderdikideek, zein senideek ekitaldi xumea egingo dute. Lore sorta jarri eta Eneko Andueza Gipuzkoako idazkari nagusiak hitz batzuk eskainiko ditu.

Jarraian, Lasarte-Oriako alderdi sozialistak VI. Froilan Elespe saria banatuko du Ganbo kaleko bere egoitzan. Aurten  Lasarte-Oriako Danok Kide guraso elkarteari dagokio ohore hori. 

Danok Kide elkarteak pertsona helduei zuzendutako hezkuntza iraunkorra du martxan 2002 urtetik hona. Honez gain, hitzaldiak, kontzertuak eta Musika Topaketak, Itsaspeko nazioarteko zinema zikloa eta beste hamaika ekintza antolatzen ditu gure herrian. Lasarte-Oria aldizkaria argitaratzen du urtean bitan eta iaz lehenengoz egin zen Lasarte-Oriako elkarteen urtekaria ere bere esku dago.

Xabier Andonegi Lasarte-Oriako parroko ohia, Gesto por la Paz, Isaias Carrasco eta Juan Priedes, LOKE eta Jesus Egiguren izan dira aurreko urteetan Froilan Elespe saria jaso duten banakako edo taldeak.