Formatu desberdinak, aldarri berbera

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mar. 11a, 22:07
Martxoaren 8aren inguruan antolatutako hainbat ekintzetan hartu dute parte lasarteoriatarrek asteburuan, genero-berdintasuna aldarrikatuz: antzerkiak, zunba maratoia, elkarretaratzea Okendo plazan eta emakume-afaria Semblante Andaluz elkartean.

Genero-berdintasunaren aldeko aldarriak ozen entzun dira herrian asteburu honetan zehar. Martxoaren 8aren harira antolatutako hainbat ekitalditan hartu dute parte lasarteoriatarrek.

Gaurkoan, hainbat emakume eta gizonek hartu dute parte Okendo plazan egindako zunba maratoian. Gazte, heldu zein adineko, guztiek jantzi dute more koloreko kamiseta morea eta topera egin dantza. Ondoren, 13:00etan, plazan bertan, herritarrek eta udal korporazioko hainbat kidek elkarretaratzea egin dute. Arratsaldean berriz, 20:00etan hasita, Manuel Lekuona kultur etxea lepo bete da 'Koadernoa Zuri' antzezlanaren gaztelaniazko bertsioa ikusteko.

Atzoko egunean ere egin ziren hainbat ekintza: arratsaldeko zortzietatik aurrera EPA antzerki taldeko kideek 'Agora de mujeres' antzezlana taularatu zuten. Horrez gain, 70 bat emakume afaltzeko elkartu ziren Semblante Andaluz elkartean, giro ederrean.

Asteburuko ekintzen argazki galeria