Flamenkoa dantzatzeko gogoarekin geratu dira

IƱigo Gonzalez Sarobe 2018ko urr. 14a, 22:02

Andaluzia eta Euskal Herria berriro senidetu dira asteburuan: Aste Kulturala ospatu du Semblante Andaluz elkarteak Okendo plazan. Euriak festa giroa busti du gaur eta bertan behera utzi dute 'Los primos a compas de flamenkito' taldearen emanaldia

Semblante Andaluzek pasa den astean erakutsi zituen kultura sustatzeko helburuz martxan dituen ekimen guztiak. Duende, Gitanillas del Alba eta Zambra taldeek dantzatu zuten, ahotsak eta instrumentuen doinuak uztartu zituen Semblante Rociero koruak eta paella goxoa prestatu zuten elkarteko sukaldariek, besteak beste.

Okendo plaza festa giroan egon da murgilduta asteburuan, baina euriak zapuztu egin zuen azken eguna: Los primos a compas de flamenkito taldea zen etortzekoa, baina eguraldi kaskarra ikusita, emanaldia bertan behera uztea erabaki zuten musikariek eta antolatzaileek. Aste Kulturaleko ekintza nagusietako bat zen.

Ohorezko ardoarekin hasiera 

Ardoarekin topa eginez ekin zioten aurtengo Aste Kulturalari Semblante Andaluz elkarteko kideek. Udal korporazioko hainbat kide ere batu ziren irekiera festara.

Lehenengo ekintzak Atsobakar auzoan daukaten egoitzan egin zituzten: genero indarkeriari buruzko solasaldia eskaini zuen Ertzaintzak, asteartean; hurrengo egunean musean eta tutean aritu ziren herritarrak. Ostegunean elkartea utzi eta Okendo plazara joan ziren: Gitanillas del Alba eta Semblante Rocierok eskaini zituzten emanaldiak.

Ostiral, larunbat eta igandeko egitarauak antzekoak izan ziren: haurrentzako puzgarriak eta aurpegi margolariak goizean; bote eta toka txapelketak gero; bazkalorduan, indarrak hartzeko, marmitakoa eta paella; eta, arratsaldean, musika eta dantza emanaldiak. Azpimarratzekoak izan ziren larunbat arratsaldekoak:  Zambra eta Azabachek ikuskizun  bikainak eskaini zituzten. Egun guztietan, bukatzeko, dantzaldiak.

Ostiral arratsaldean gitarra kontzertua eskaini zuten Julen Basterrak eta Imanol Vitoresek, Brigitarren komentuan.

Argazki galeria