Flamenko ufadak Okendon

Txintxarri Aldizkaria 2017ko uzt. 8a, 12:13

La Pulga eta lagunak taldeak 'Ufadak' lana eskaini zuen atzo arratsaldean Okendo plazan. Flamenko tradizionalaren erroetatik abiatuta, magia giroa sortzen du ikuskizunak.

La Pulga eta Lagunak taldearen Ufadak lanak ireki du aurtengo Lasarte-Oria Dantzan egitasmoa. Flamenkoan dago oinarrituta emanaldia: 80 minutu irauten ditu, eta, tarte horretan, ikusleek aukera paregabea eduki dute diziplina hori ezagutzeko eta barneratzeko.

Lan bikaina egin zuten taldekide guztiek. La Pulga ezizeneko dantzaria izan da protagonista. Askoa Etxebarrietak maisuki interpretatu du paper hori. Giliyo perkusio jotzailearen papera egin du Jose Gilek; eta Angel Lopezek (abeslaria) eta Aitor Escobarrek (gitarra jotzailea) ere hartu dute parte. 

La Pulga dantzari trebeak azaldu zuenez, Euskal Herrikoak dira taldekide guztiak. "Arraroa dirudien arrean, flamenkoa da gure pasioa. Gure zorionerako, gero eta jende gehiago gara. Hori da irtenbidea, gure ustez: kulturen arteko nahasketa". 

Gogotik gozatu zuten emanaldiaz Okendo plazara gerturatu ziren ikusleek, Etxebarrietaren dantza egiteko abileziarekin zur eta lur. Flamenkoa dantzatzeko gogoz etxeratu zen bat baino gehiago.