Festa eta algara, Ttakun elkartearen eskutik

Txintxarri Aldizkaria 2017ko eka. 27a, 14:09

Aurten ere, gaztetxo eta nagusientzat zuzendutako ekintza ugari antolatu ditu Ttakun Kultur Elkarteak. Ekainaren 28an eta 29an ospatuko dituzte San Pedro jaietako ikur bihurtu diren zenbait ekitaldi. Besteak beste, Sorgin Dantza eta zikiro afaria

2017ko San Pedro jaiei bere ukitua emango die Ttakun Kultur Elkarteak. Zenbait ekintza antolatu dituzte, euskal giroa bultzatzeko asmoz, jadanik ohitura bihurtu diren ekitaldiak sustatuz.

Herritar guztiak parte hartzera deitu dituzte antolatzaileek. Gaztetxo, haur eta nagusientzako ekintzak prestatu dituzte. Horietako gehienak aurreko urteetan arrakastatsuak izandakoak. Esaterako, Lasarte-Orian aspaldi errotutako Sorgin Dantza edota urtero ehundaka herritar biltzen dituen Zikiro Afaria.

Herritar maitagarrienei eskertza 
2016an egin zuten, lehenengo aldiz, Patxintxi lehiaketa herrian. Haurrei zuzendutako txupinarekin batera, 65 urtez gorako herritar maitagarri eta goxoenak omenduko ditu Ttakun Kultur Elkarteak Kontzeju Etxean. Iaz, On Ramon Uribetxeberria eta Rosa Velasco omendu zituzten.

Lasarte-Oriako adin txikikoek aurkeztu dituzte aurtengo hautagaiak, eta horien gainean herritarrek euren bozka eman ahal izan dute Ttakunen sare sozialetan. Gaur jakingo da sarituak izan diren bi pertsonak nortzuk diren, eta txapela jantziko dute elkarteko kideen eskutik.

Jarraian, inguruan egingo diren ekintzekin gozatuko dute herriko gaztetxoek bazkalordura arte. Aurten ere, 13:00ak aldera, 8 eta 12 urte bitarteko lagun kuadrillak Atsobakar auzora abiatuko dira Oriako Txarangako adiskideen laguntzarekin. Bertan, makarronada erraldoia edukiko dute zain, Ttakunek antolatuta. Aldez aurretik izena eman duten 300 lagunentzako prestatuko dute jana.

Herriko gaztetxoak elegante jantziko dira festetako lehenengo egun honetan. Izan ere, aurreko asteetan tintatu dituzte kamisetak lagun kuadrillaka. Lagun taldearen izena eta marrazkiak dotore marraztu dituzte aurten ere.

Tripa ondo bete ondoren, gerturatutako gaztetxoek elkar bustiz primeran pasako dute begiraleek dinamizatutako ur jolasetan. Atsobakar auzoko plazetako bizilagunek ere haien partetik jarriko dute, eta etxeko leihoetatik ur bidoikadak botako dizkiete haurrei Busti blai jardueran. Hortaz, fresko hasiko dituzte festak herriko gaztetxoek.

Sorgin Dantza
San Pedro jaietako ospakizun bereizgarrienetakoa da Sorgin Dantza, eta aurten ere ez du huts  egiteko inongo asmorik. Urtez urte, herritar gehiago biltzen ditu dantza herrikoiak, eta antolatzaileek aurreikusten dute, eguraldia lagun izanez gero, aurtengo edizioa ere arrakastatsua izatea.

325 herritar inguruk parte hartu zuten iazko ekitaldi berezian. 1982an dantza Oria auzoan berreskuratu zuten herritarrei omenaldi xume eta hunkigarria egin zieten.

Sanpedroetako eta Lasarte-Oriako ikur bilakatu den ekintza ezagun hau Ttakun Kultur Elkarteak hartu zuen bere gain 1994an eta gaur arte antolatzeaz arduratu dira. Hilabete osoan zehar, Okendo plazan egindako entseguek oso harrera ona izan dute herritarren artean. Asteazkenean, berriz, praktikatutakoa erakusteko garaia izango da.

Oriatik abiatuko da, urtero bezala, Sorgin Dantza, 16:30ean. Hala ere, parte hartzaileek bertan egon beharko dute 16:00etarako, aurretiko prestakizunak egin ahal izateko. Okendo plazarako bidean, ohiko geldialdiak egingo dituzte gaztetxo eta nagusiek: Orian lehena, Biyak Bat jubilatuen elkarte parean bigarrena eta udaletxe zaharraren aurrean hirugarrena. Tartean, indarra hartzeko eta eztarriak freskatzeko ere geratuko dira zenbait gunetan parte hartuko duten gazte eta nagusiek.

Haurren eta helduen zortzikoteak osatu dituzte aurten ere. Hala ere, aurten berrikuntza nagusi batekin dator haurren Sorgin Dantza. Lehenengo aldiz, banderaduna arituko da haien artean ere; Ander Ormazabal arduratuko da dantza gidatzeaz. Nagusien artean, berriz, Mikel Eskisabelek hartuko du lana, aurreko urtetan egin bezala.

Antolaketa lanak Ttakun Kultur Elkarteak bere gain hartzen baditu ere, herriko Lasarte eta Ainhoa tabernen laguntza izango dute, urtero legez, Sorgin Dantzako parte hartzaileak edari eta freskagarriekin hornitzeko.

Zikiroa
Festetako lehenengo gauari ekin aurretik, sabela ondo betetzea komeni da. Horretarako, sanpedroetan tradizio bihurtu den zikiro jana eskainiko du Ttakunek. Arratsaldeko lehen orduetan hasiko dira sukaldariak afaria prestatzen dena 21:30etako prest egon dadin, bide batez, Okendo plaza usai goxoz betez. Inguruan dablilen herritar bati baino gehiagori, gosea arratsaldean bertan piztuko zaio.

250 lagunentzat sukaldatuko dute entsalada eta zikiroa. Tiketak salgai egon dira azken bi asteetan hogei eurotan.

Biharamunari eta ajeari aurre egiteko gomendioak bildu ditugu ale honetako beste erreportaje batean. Hala ere, dudarik gabe, eguna umore onarekin hastea ezinbestekoa da. Horretarako, 12:00etan hasiko den kantu-dantza jiran aukera ezinhobea izango dute lasarteoriatar guztiek.

Urtez urte, harrera hobea du Ttakun Kultur Elkarteak antolatutako ekintza honek. Kantuak eta dantzak uztartuko dituzte herriko kale eta plazak zeharkatuz, Sagardotegi kaletik abiatuta. Dantza plazako kideen laguntzaz, euskal kantuekin eta umore onarekin girotuko dituzte kale eta plazak.

Xumela eta Albokako kideek ere parte hartuko dute kantu-jiran, zenbait lagun gonbidatuz. Izan ere, Hondarribiako, Zarauzko eta Donostiako kantu-jira taldeei gonbita luzatu zaie San Pedro egunez Lasarte-Orian egon daitezen.
Bestalde, Erketz EDTeko eta Kukuka Antzerki eta Dantza eskolako lagunei ere gonbita zabaldu zaie.

Sagardo dastaketa
Arratsaldean, ohiko sagardo dastaketaren txanda iritsiko da. Herriko zenbait sagardotegi eta baserrietako sagardoa edan ahal izango da. Azken urtetan bezala, Sollaneko, Buenavistako, Telleriko, Zubillagako eta Saltsateko basokadak edango dituzte bertaratutakoek.

18:00etan hasiko da sagardo banaketa. Euro batean erosi ahal izango dira edalontziak, eta, hortik aurrera, doakoa izango da dastaketa. Hau da, nahi adina edan ahal izango dute bertaratutakoek. Antolatzaileek azaldu dutenez, edaria bukatu arte luzatuko dira, gutxi gora behera, 20:00ak arte.

Dantza gidatua, bestalde, 19:10ean hasiko da Okendo plazan. Bertan dauden herritar guztiak gehitu ahal izango dira; dantzan jakin edo ez jakin, denek edukiko dute primeran pasatzeko aukera. Gidari lanetan David Egizabal arituko da.

Urtero bezala, adin guztietako herritarrentzako aukera zabala antolatu du elkarteak. San Pedro jai hauetan prestatutako ekintza guztietan parte hartzeko deia luzatu diete lasarteoriatar guztiei.

Eguraldia lagun izanez gero, lehengo urtekoak bezain arrakastatsuak espero dute denek.