Fernandez Iradiren egoera salatzeko elkarretaratzea

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mar. 28a, 14:24
Atzo Ibon Fernandez Iradi presoaren egoera salatzeko elkarretaratzea egin zen Okendon. Esklerosi anizkoitza du Fernandez Iradik, eta kondena etetea eskatua du, gaixotasunak espetxean okerrera egin dezakeela eta. Aste honetan jakin da epaileak maiatzaren 7ra atzeratu duela erabakia.

Lannemezango kartzelan dago gaur egun Fernandez Iradi. Epaileak askatzearen alde egin zuen 2014ko ekainean, baina bi baldintza ezarrita: Frantzian bizitzeko duen debekua baliogabetzea eta Pirinio Atlantikoetatik kanpo bizitzea. Urrian, beste mediku azterketa bat eskatu zuen honek presoaren osasun egoeraz sakontzeko.

Lehenengo bi osasun azterketek zioten gaixotasun hau ez zela bateragarria espetxearekin. Hirugarren azterketa honek, berriz, baietz dio. Prokuradoreak azken horren alde egin du eta Iradiren abokatuek salatu dute hau kontraesanez beteta dagoela.

EH Bilduren adierazpena

Lasarte-Oriako EH Bilduk Fernandez Iradiren zigorra eteteko eskatu du  “gaixotasun larriek jotako presoen osasun eskubideak ezin dira bermatu beren sorterritik ehunka kilometrora diren espetxeetan. Areago, Ibonek duen gaitza sendaezina izanik, tratamendua etxetik eta ospitaletik jarraitzea aholkatzen dute profesional guztiek, gaixotasuna era duinean artatzeko aukera bakarrak kartzelatik kanpo daude eta. Frantzia, Espainia eta nazioarteko legediek aukera hori garbiki aurreikusten dutenez, legearen baitako erabaki zentzuduna da Ibon baldintzapean kaleratzea” adierazi dute oharrean.

Gaineratu dute “bakea soilik giza eskubideen errespetua oinarri duen zoruan eraiki daiteke, pertsona guztientzako eskubide guztien errespetuan. Eta zentzu horretan, bideragarriak diren egoerak konpondu behar ditugu. Batetik, euskal presoen egoera eta beraien eskubideen errespetua. Urgentea da gaixo dauden, adin “handikoa” diren edota zigorra beteta duten presoak kaleratzea, guztiak ahalik eta azkarren Euskal Herriratzea premiazkoa den bezalaxe”.

Bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialak egindako jardunaldietako ondorioak kontutan hartu eta presoen eskubideak baldintzarik gabe bermatu behar direla adierazi du EH Bilduk, “beste edozein baldintza gehitu gabe”.