Eztabaidarako 10 puntu atzoko Udalbatzarrean

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ots. 15a, 18:39
Ohiko Udalbatzarra izan zen atzo, arratsaldeko 18:30ean. Bertan, Nuria Fernández Castrillo Sozioekonomia batzordeko zinegotziaren kargu hartzea berrirekin eman zitzaion hasiera. Hainbat mozioa aurkeztu zituzten udal taldeko alderdiek

Otsaileko ohiko Udalbatzarra izan zen atzo arratsaldeko 18:30ean.

Nuria Fernandez Castrillo zinegotzi berriaren kargu-hartzeak eman zion hasiera ohiko Udalbatzarrari. Iragan urtarrilaren 10ean, Soziekonomia batzordeko buru Beatriz Juez zinegotziak kargua utzi zuen eta honen ordez arituko da orain, Fernandez Castrillo. 

Zinegotziak karguari zin eginda, Ahal Dugu Lasarte-Oriak aurkeztutako mozioari heldu zioten.  Honetan, Eusko Jaurlaritzari eskatzen zion Lanbide arteko Gutxiengo Soldatei %8ko igoera aplikatzea 2017. urtean, baina aldeko 6 boto eta aurkako 10 lortuta, mozioa ez zen aurrera atera. Honen ordez, EAJ eta PSE-EE alderdiek aurkeztutako emendakina onartu zen aldeko 10 eta aurkako 6 botorekin. Honetan, bi eskakizun egiten zizkien Eusko Jaurlaritzari; lehena, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentari lotutako aspektu guztien diagnostiko espezifikoari prestazioen  zenbatekoa kontuan  izateko  erreferentzia indizeari buruzko gogoeta bat gehitu diezaiola; eta bigarrenik, lan aktibaziorako programa eta baliabide berriak bultzatu ditzala.  

Honen ostean, alderdi popularrak aurkezturiko mozioa bozkatu zen. Bertan, Froilan Elesperen omenezko minutu bateko isiltasuna egiteko eskaera egiten zuen PP alderdiak, baina  aldeko boto bakarrarekin, aurkako 3rekin eta 12 abstentzioarekin, ez zen aurrera eraman mozioa. PSE-EE alderdiak terrorismoaren biktima guztiekiko elkartasuna adierazi zuen, eta udalean, elkarbizitzarako osatutako mahaia ekarri zuten gogora; horretan PPko alderdiak ez du parte hartzen.

EH Bilduk etxegabetzeak ekiditeko gizarte laguntzen aurrean finantza erakundeek duten jarrera salatzeko aurkeztutako mozioa izan zen hizketagai. Honetan, lau puntu ezberdin ekarri zituen EH Bildu alderdiak mahai gainera; lehenik Lasarte-Oriako udalak finantza erakundeen aldetik mailegua estua eta ordaindu ezinean dauden bezeroekiko dagoen jokabidea irmoki salatu zuen alderdiak. Bigarrenik, udalak, Lasarte-Orian bulegoa duten finantza erakundeekin harremanetan jarri eta beraien jarduna nolakoa den ezagutzeko konpromisoa hartzen du. Hirugarrenik, Praktika Onen Kodeak  derrigortzen dituen moduan, bezeroen artean aukera honen berri zabaltzeko neurriak har ditzatela exijitzen die herrian bulegoa duten finantza erakundeei. Eta laugarrenik eta azkenik, Praktika Onen Kodeari zabalkundea emateko, informazio kanpaina bat garatzeko konpromisoa hartzen du; bide batez, Gizarte Zerbitzuetara laguntza eske hurbiltzen diren herritarrei gaiaren inguruan informazio zehatza emateko baliabideak jarriko dira. Proposamen hau aho batez babestu zuen Udal taldeak.

Mozioekin amaitzeko, asteazkenetako azoka eta bertako sektorea berrindartzeko mozioa aurkeztu zuen EAJ alderdiak. Asteazkenero, kale nagusian egiten den azokak eta larunbatetako arautuko duen ordenantza bat sortzea proposatzen zuen EAJ alderdiak.  Honekin batera, aipatu azoka horientzat kokaleku berri baten proposamena egin zen.
Hilabeteko ez-ohiko azoka bertako eta eskualdeko lehen sektoreko produktuak kontsumitzen ohitzeko jarduera berriak aztertzea ere proposatzen zuen EAJ-ak eta guzti honekin batera, azokako saltzaileei, Aterpeari eta kontsumo kooperatibei guzti honen berri ematea haiek euren ekarpenak egin ditzaten. Azken mozio hau  ere onartua izan zen aldeko 13 bozka eta 3 abstentziorekin.

Honen ostean, kale garbiketa eta hiri-hondakin solidoak biltzeko kontratu luzapenaren onarpena,  eta errefusa eta tamaina handiko hondakinak jasotzeko zerbitzua San Markos Mankomunitateari kudeatzeko mandatua gaiak urgentziaz sartzeko eskaera egin zen eta aho betez onartu zen horien gehitzea. Bestalde, bi proposamen horiek bozkatu zituzten jarraian, eta aldeko 10 boto eta 6 abstentziorekin, biak aurrera eraman ziren.

Bestalde, Udalbatzarreko aurreikusita zegoen 'Kaporala-agente lehena' lanpostu berriei dagokien hizkuntza-eskakizunari eta derrigortasun datari buruzko proposamena mahai gainean uztea proposatu eta onartu zen aldeko 8 bozkarekin, aurkako batekin eta 7 abstentzioarekin.

Saioaren amaieran galdera eta erreguentzako tartea zabaldu zen eta izan ziren euren galderak zein kezkak azaltzera gerturatu ziren herritarrak.