Landaberri ikastola Artzabaletan eraikitzen ari den erraustegira 500 metrora dago. Proiektua lantzen hasi zenetik ikastolako organu ezberdinek osasunean eragin ditzakeen kalteekiko kezka adierazi dute eta hainbat ekintza eraman dituzte aurrera hori jakinarazteko, are gehiago eraikitzen hasi zirenetik. Hori azaleratzeko moduetako bat Landaberri ikastolako Zubietako eraikineko hesian dauden pankartak dira.Ikastolako irakasleek jakitera eman dutenez, joan den azaroaren 30ean Hezkuntza Ikuskaritzaren deia jaso zuen Landaberri ikastolak pankartak kentzeko aginduz.
Hori dela eta, ikastolako 54 irakasleek haien iritzi eman eta ikastolak jarraitutako pausoen berri emanez oharra plazaratu du.
Aurrekariak
Azaltzen duten moduan, aurreko ikasturtean irakasleen bi herenek hartu zuten parte zentruan erraustegiaz egindako inkestan. "Horretan, %84k adierazi zuten Artzabaletan erraustegia eraikitzeak kezka handia eragiten diela".
2016ko maiatzean, klaustroaren proposamenaren ostean, Organo Gorenak eskutitz bat zuzendu zion Gipuzkoako Hezkuntza ordezkaria den Gema Gonzalez de Txabarriri. Horretan erraustegiarekiko irakasleen kezka adierazteaz gain, osasun bermeen inguruko argibideak ere eskatzen zitzaizkion. "Inolako erantzunik ez dugu jaso, eskutitza bi alditan bidali badugu ere," azpimarratu dute irakasleek.
Bestetik, 2017ko otsailean Donostiako Eusko Jaurlaritzako egoitza aurrean agerraldia egin zuen Landaberri-Garaikoetxea ikastetxeko irakasle talde batek.Egitasmoarekin "oso kezkatuta" zeudela adierazi zuten, eta Gema Gonzalez de Txabarri Eusko Jaurlaritzako Gipuzkoako Hezkuntza ordezkariari eskatu zioten "erantzun argi bat" emateko.
Orduan, eskaera argi eta garbi bat plazaratu zuten: "Erantzun argia eskatzen dugu. Hori jaso ezean, publikoki adierazten jarraituko dugu gure kezka".
Orain, Eusko Jaurlaritzako Gipuzkoako Hezkuntza delegatuak ikuskariari pankartak kentzeko agindua eman dio, eta irakasleek jakitera eman dutenez, delegaritzaren jakinarazpen bakarra ahozko agindua izan da.
Irakasleen adierazpenak
Honen aurrean, irakasleek honako hau jakinarazi nahi dute, hitzez hitz:
• "Ohitura osasuntsuak eta sostengarritasuna ikasleekin lantzen ditugun era berean, zaborren trataeraren kultura osasuntsu eta sostengarri berbera jorratzen dugu, murrizketa eta berrerabilpena sustatuz.
• Pankartak eta hormirudiak adierazpen jardueratzat ditugu gure ikastetxean, eta, aldi berean, bizitasun eta askatasun adierazle ere.
• Hausnarketan eta errespetuan oinarrituta, arazo komunei irtenbide kolektiboak bilatzearen alde aritzen gara.
• Azkenik, erraustegiaren tximiniak bota litzazkeen dioxinen aurrean gure kezka berresten dugu".