Ezer ez zegoen soberan

Txintxarri Aldizkaria 2018ko aza. 17a, 18:21

Elikagaiak xahutzearen aurkako I. jardunaldia ospatu dute gaur Okendo plazan, goiz eta arratsalde. Kontzientziazio eta sukaldaritza tailerrak egin dituzte, besteak beste

Oro har, gizarteak ez dio behar bezainbesteko garrantzia ematen elikagaiak ongi aprobetxatzeari eta alferrik ez botatzeari. Erosketak egiterakoan, goraino betetzen dugu saskia, eta behar baino produktu gehiago erosi, askotan. Ez ditugu guztiak erabiltzen, eta hozkailu eta apaletan geratzen dira, iraungitze epea pasa arte. Gero, zaborretara botatzen ditugu. Hori saiheste aldera, jardunaldia antolatu dute Galdakakoko boluntarioen elkarteak, ELáN Komertzio Kamarako ikasleek eta Lasarte-Oriako Udalak, Okendo plazan, goiz eta arratsalde.

Hainbat ekintza egin dituzte: sukaldaritza tailerra helduentzat, eta lehengai bakoitza zein edukiontzitara bota behar den ikastekoa haurrentzat, adibidez. Hozkailuan erabili gabe zeuzkaten produktuak erabili dituzte sukaldariek bazkaria prestatzeko. Lehiaketatxo bat ere antolatu dute: Ibrahim Ekhuatak, Abdeltif Lualdik eta Gorka Urolak parte hartu dute. DJ batek girotu du jardunaldia.

Argazki galeria