Herri mina norberak barruan daraman sentimendua da. Ez du sekula alde egiten, baina zama hori arindu egin ohi da egoera berean dauden herrikideen konpainian. Extremaduratik etorrita egin dute lasarteoriatar askok bizitza herrian, baina ez dute inoiz ahaztuko haien jatorria. Ezta ohiturak ere. Orain 40 urte sortu zuten Ama Guadalupekoa Extremadura Etxea elkartea, hain zuzen jaioterriko ohitura horiei eusteko Lasarte-Orian bertan. Urtero antolatzen duten festa berezia hasiko dute gaur: Extremadurako eguna, Guadalupeko Ama Birjina zaindariaren eguna.
Otsailean bete zuen elkarteak 40 urte; 1978eko otsailaren 17an sortu zuten elkartea. Ordutik Extremaduratik iritsitakoen bilgune izan da. Baina asko zabaldu da sarea. "Haien seme-alabak eta senitartekoak ere badaude elkartean. Horiek ere nahi dituzte haien sustraiak gorde", azaldu du Angel Barrerak. "Ni adibidez ez naiz Extremadurakoa, hemen jaioa naiz. Baina beste askok bezala, harreman handia dut Extremadurarekin, urtean bizpahiru alditan joaten naiz familia bisitatzera".
Beti zaintzen dute Extremaduraren eguna, baina aurten are arreta gehiago jarri dute. "Los Cabales taldea ekarri dugu Extremaduratik. Agian hemen ez dira horren ezagunak, baina oso onak dira, eta oso famatuak han". Gaur bertan joko dute, 23:00etan.
Musika eta dantza
Baina dantza eta musikaz aparte, bada beste osagai garrantzitsu bat elkarteko bazkideentzat: gastronomia. Urtean zehar Lasarte-Orian egiten diren ekitaldietan ematen dituzte probatzera miga famatuak.
Asteburu honetan ere ez da jatekoa faltako. Migez gainera, izango da aukera Extremadurako jaki tipikoak jateko: kozidoa eta paella. Horrez gainera, larunbatean egingo dute elkartean bazkideen afari ofiziala. Garrantzitsuak dira ekintza horiek, ohiturak ez galtzeko eta ordu batzuez herrimina apaltzeko.
Egitaraua
Irailaren 7a, ostirala
18:00etan, txosnaren irekiera, Jaizkibel plazan
19:00etan, Oaintxe in deu txaranga Sasoetako kaleetatik
21:00etan, bandera igoera, Extremadura etxean
21:15ean, Extremadurako eltzekada, Extremadura etxean
23:00etan, Los Cabales taldearen emanaldia
01:00etan, Extremadurako migak
Irailaren 8a, larunbata
10:30ean, pintura lehiaketa, 2kn okindegi-kafetegian
11:30ean, haur-jolas eta tailerrak, Jaizkibel plaza
12:00etan, extremadurar meza Ecos de Monfragüe taldeak lagunduta, Extremadura etxea
14:00etan, herri bazkaria (paella jana), Jaizkibel plaza
17:00etan, txokolatada haurrentzat
19:00etan, Nafarroako extremadurar etxeko Brotes y Raices koru eta dantza taldearen emanaldia
21:00etan, bazkideen afaria
23:00etan, dantzaldia Ibai Berriak taldean eskutik
Irailaren 9an, igandea
12:00etan, Duende, Gitanillas eta Zambra andaluziar dantza taldeen emanaldia, Jaizkibel plaza
14:30ean, Extremadurako arkumeki-gisatua
18:00etan, 18 urtetik gorakoentzat bola-joko txapelketa
20:00etan, jaien amaiera eta bandera jaistea