"Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara" manifestazioa larunbatean

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ots. 23a, 11:50
Azken hilabeteotan euskararen normalizazioari eta hizkuntza-politikei eragiten dien esku-hartze desberdinak ezagutu ditugu. Frantziako Gobernuko ordezkari Patrick Dallennes eta Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urquijo gelditu gabe ari dira euskaraz bizitzeko nahia egikaritzeko hainbat administrazio hartzen ari diren urratsak zapuztuz. Nafarroako kasuan ere, Nafarroako Gobernuaren bitartez Baztanen izan dugu adibidea”, diote Euskararen gizarte erakundeen Kontseilutik.

Carlos Urquijo orain dela hilabete batzuk hasi zen zenbait udalen zein Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurkako neurriak hartzen. Aldi berean Patrick Dallennes-ek Hendaiako ikastola laguntzeko Herriko Etxeak hartutako erabakiaren kontra egin zuen lehenik eta ondoren Uztaritzeko Herriko Etxeak euskara ofizial izendatu izana salatu. Orain dela egun batzuk Paueko Administrazio Auzitegiak atzera bota du Uztaritzeko Herriko Etxeak euskara ofizial izendatzeko erabakia. Urquijok bere aldetik, UEMAn dauden 15 udalen aurkako helegiteak jarri ditu Estatu espainiarreko gobernu ordezkaritzara aktak euskaraz bidaltzeagatik. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren euskara plana ere auzitara eraman du. Nafarroako gobernuak Baztango euskara planari helegitea jarri dio”. 

Kasu hauek Kontseiluaren ustetan “agerian uzten dute euskaldunak ez garela askeak. Gaur gaurkoz, ez daukagu guk nahi dugun hizkuntza-politika egiteko dugun eskubidea aitortua. Hori ukatu egiten zaigu”. 

Egoera honen aurrean, helegiteak jaso dituzten udaletako arduradunek ez dutela euren erabakian atzera egingo esan dute. Oztopoak oztopo, euskaraz bizitzeko erabakiari eutsi diotela azpimarratzen dute Kontseilutik. 

“Arduradun politiko hauek hartu duten erabakia txalogarria da eta euskalgintzak zein euskaraz bizi nahi duten herritarrek erabaki hori babestu eta eskertzen dugu”. 

Manifestazioa larunbatean
Hain zuzen ere, Donostian larunbatean 17:30ean egingo den mobilizazio honekin, “gure hizkuntza-politikak gauzatzen uzten ez diguten guztien jarrera salatzearekin batera, aurrera egiteko erabakia hartu dutenen jarrera txalotu eta eskertu nahi dugu. Eta gainerako instituzioak ere hauek abiatutako bidea jarrai dezaten animatu”.