Euskararen legea ez dela betetzen salatu du EAJk

Adrian Garcia 2018ko ots. 16a, 10:15

Zaharrentzako tutoretzapeko apartamentuak sortzea onartu du udalbatzarrak. Atsobakarreko langileek haien "lan baldintza kaskarrak" salatu dituzte, eta Landaberriko irakasleek deitoratu dute ikastetxeko pankarta kentzeko agindu izana

Orain hogei urte sartu zen indarrean euskararen plana, EAEko administrazioek euskara normalizatzeko urratsak egin ditzaten. Haatik, EAJko zinegotzi Estitxu Alkortak salatu duenez, Lasarte-Oriako Udalak ez du plan hori betetzen. Astearteko ohiko udalbatzarrean zerrendatu zituen Alkortak alor horretan udalak eginiko urraketak: "Derrigorrezkoa da plan horren puntu guztiak betetzea". 

Honakoa dio lege horrek, besteak beste: erakundeko langile guztien lan hizkuntzak euskara izan behar du; udalaren ahozko zein idatzizko komunikazioetan  euskarak lehentasuna izan behar du; udaleko departamenduak arduratu behar dira edukiak bi hizkuntzetan prestatzeaz; 30 urtez azpikoei zuzendutako idatziak euskara hutsean behar dute. "Betetzen al dira horiek?", galdetu du Alkortak erretorikoki. 

Gaia udaleko bi euskara planaren luzapenaren harira atera da batzarrean. Gai zerrendan ezarria zegoen luzatzea Euskararen Bidegorria 2013-2017 eta Euskara Sustatzeko Ekintza Plana 2014-2017. Halere, beste lege bat onartzekoak direnez, eta udaleko idazkariak eginiko txostena aztertzeko, eztabaida atzeratzea onartu dute aho batez. "Txosten hori ere gaztelania hutsean dago", salatu du Alkortak. Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko Zuzendaria ere bada EAJko zinegotzia. 

Landaberri eta Atsobakar 

Luze jo du batzarrak, zerrendako gaiez gainera beste hainbat presazko mozio aurkeztu dituztelako. Udaletxeko batzar aretoa bete egin da, galdera eta erreguen txandan herritarrek parte hartu dutelako. Batetik, Atsobakarreko langileak bertaratu dira, laneko "baldintza txarrak" salatzeko. Bestetik, Landaberriko irakasleek erraustegiaren hurbiltasunagatik kezka adierazi dute, eta udalari deitoratu diote azpiegitura horren aurka jarrita zuten pankarta kentzeko agindu izana.

Gai horri lotuta, EH Bilduk udalaren "zentsura praktikei" buruz mozio bat aurkeztu du. Pablo Barrio bozeramailearen arabera, udalak "deserosoak" zaizkion afixak kentzen ditu, "garbitasunaren aitzakian". ADLOP Ahal Du Lasarte-Oria Podemosek babestu du mozioa, baina ez da nahikoa izan aurrera ateratzeko. 

Zaharrentzako apartamentuak

Bestetik, batzarrak zaharrentzako tutoretzapeko apartamentuak egiteko mozioa onartu du, ADLOPek proposatuta. PSEk bosgarren puntuari egindako emendakina ere onartu dute. 

Mendebaldeko Sahararen aldeko mozioa, pentsioen igoerari buruzkoa, eta "berriz azter daitekeen" bizi arteko espetxe zigorrari buruz ere eztabaidatu dute.