Euskaraldia: harro eta 12. egunari puntua jarriz

Txintxarri Aldizkaria 2018ko abe. 14a, 10:15
11 eguneko ariketa soziala amaitu da, eta antolatzaileek parte hartzaile eta boluntario guztiak zoriondu dituzte. 3.000 izen emate lortu dira. Guztira 220.000 izan dira Euskal Herrian. Udala, herriko eragile eta norbanakoen arteko elkarlana goraipatu dute

Amaitu da Euskaraldia, hizkuntza ohiturak iraultzeko 11 eguneko ariketa soziala. Belarriprest eta ahobizi txapak soinetik kenduta, datuak aztertzeko garaia dute antolatzaileek, eta horien berri eman dute. 3.000 izen emateen langara ailegatu da Lasarte-Oria. Horrez gain, asko eta asko izan dira balkoian puntua jarri duten  herritarrak, ekimenari atxikimendua erakusteko. Jon Antxordoki Euskara Batzordeko buruak eta Tomas Arrizabalaga Ttakun Kultur Elkarteko presidenteak parte hartzaileak eta lanean aritu diren guztiak zoriondu dituzte, batez ere etxez etxe ibili diren boluntarioak. "Euskaraldia azaltzeko eta parte hartu nahi zutenei aukera emateko egin den ahalegin berritzailea oso ondo atera da". 

Bi ordezkariek nabarmendu dute Euskararen 9. Maratoiak izan duen garrantzia. "Orain bi urte egindako esperientzia horretan oinarritu da Euskaraldia. Lasarteoriatar guztiak harro egoteko arrazoi on bat gehiago badugu". Izan ere, ahobizi eta belarriprest rolak herrian jaio ziren. "Gauzak egiteko eredu bat esportatu dugu". 

Udalaren eta Ttakunen arteko elkarlana giltzarria izan da Euskaraldia ongi ateratzeko. Gainera, Antxordokik nabarmendu du alderdi politiko guztiek egitasmoa ahobatez onartu izana. Hori bakarrik ez. Arrizabalagak goraipatu du herriko ikastetxe, gazte erakunde, euskaltegi, elkarte, denda eta eragile sozial guztiek emandako babesa eta erakutsitako inplikazioa. "Ez da erraza gizarte bateko pertsonen hizkuntza ohituren aktibazio masibo bat egitea, baina neurri handi batean, elkarrekin lan egin izanari esker lortu da". 

12. eguna

Halere, bai Antxordokik eta Arrizabalagak ohartarazi dute Euskaraldia ez dela amaitu. "Hizkuntza ohituren aldaketa erdigunean jarri duen dinamika berri bat hasi da agian. Hala bada, pozgarria izango da, dudarik gabe". Hain justu, Euskaraldia entrenamendua izatea nahi dute, urteko gainerako egunetan ohitura berria gorputzean eta buruan barneratzeko.