Euskara, udalaren armairuan harrapatuta

Adrian Garcia 2018ko eka. 15a, 11:30
PSE-EEk, ADLOPek eta PPk bat egin dute, hainbat lanpostu publikoren hizkuntza eskakizunak beheratzeko, Hizkuntza Politika Sailburuaren eta udaleko teknikarien gomendioen aurka. "Udalak euskara tresna politiko gisa erabiltzen du", salatu du EAJk

Lasarte-Oriako alderdi politiko ia guztiek jarri diote puntua Euskaraldiko armairuari,  euskararen normalizazioaren aldeko borrokara atxikituta. Baina argazki ofizialaz harago, bestelakoa da horietako batzuen jarrera. Pasa den udalbatzarrean bat egin zuten PSE-EEk, ADLOP Ahal du Lasarte-Oria Puedek eta PPk, hainbat lanpostu publikoren hizkuntza eskakizunak beheratzeko. Erabaki hori Hizkuntza Politika Sailburuaren eta udaleko Euskara Zerbitzuaren txostenen aurka egon arren, ekimenaren bultzatzaileek ez dute argudio teknikorik eman. "Erabaki politikoa da", Jesus Zaballos alkatearen hitzetan. "Praktikotasuna" argudiatu du David Ares ADLOPeko zinegotziak. 

Modu horretan, Arkitekto Aholkulari posturako 3. profila eskatuko dute. Berez, laugarrena behar luke, Hizkuntza Politika Sailburuaren eta udaleko teknikarien arabera. Ondareko Administraria lanposturako errespetatu dituzte adituen esanak, eta bigarren profila eskatuko dute. 

Kaporal Agente Lehena karguaren bost lanposturen harira piztu da eztabaida. Aurreko legealdian hirugarren profila eskatzea adostu zuten, baina oraingoan berriro jaitsi dute eskakizuna bigarrenera. 
Estitxu Alkorta EAJko zinegotziak eta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak udal gobernuaren aurka egin du. Haren esanetan, legez kanpokoa da ekimena, arrazoi teknikoak ez direlako zehaztu. Horregatik eskatu du mozioa atzeratzea, baina batzarrak ez du onartu.  "Euskararen normalizazioa tresna politikotzat hartzen du udal gobernuak". EAJk "beharrezko tresna juridikoak" erabiliko ditu erabakiaren aurka egiteko. 
EAJk eta EH Bilduk aurka bozkatu dute (sei boto). Hain justu, alderdi horietako kideak dira udalbatzarrean euskara erabiltzen bakarrak. Pablo Barrio EH Bilduko bozeramaileak ohartarazi du euskaraz bizitzeko eskubidea askotan urratzen dela, nahiz eta hizkuntza ofiziala izan duela 40 urtetik. 
Sei boto hamarren aurka

Zaballos alkatearen esanetan, "legearen arabera" egin da dena, udaleko teknikariek hala baieztatu diotelako. Gainera, oroitarazi du Hizkuntza Politika Sailburuaren gomendioak ez direla betebeharrezkoak. "Irizpide politikoak aldatu dira, udalbatzarrean beste gehiengo bat osatu dugulako". 

ADLOP udaltzaingoekin bildu da gaiari buruz informatzeko. "Irizpide praktikoa hartu dugu. Agente gehienek bigarren profila dute", adierazi du Aresek. 

Gizarte Zerbitzuak

Bestalde, PSEk aurkeztutako erakunde adierazpena onartu du udalbatzarrak, ETAren desagerpenaren ingurukoa. Aldeko bederatzi boto eta kontrako beste horrenbeste jaso ostean, alkatearen kalitatezko bozkak erabaki du. ADLOPeko Arkaitz Naya ez da agertu batzarrera. 

Horrez gainera, EH Bilduk aurkeztutako bi proposamenek aurrera egin dute. Lehena, hileta zibilen aldeko ordenantza sortzeari buruzkoa. Bigarrena, Gizarte Zerbitzuetan errefortzuak aztertzeko mahai bat osatzearen ingurukoa. 

Galdera eta erreguen orduan herritarrek hitza baliatu dute. Lasarte-Oriako Talde Aktibistak denda txikien eta lan duinaren aldeko manifestua irakurri du. Hain zuzen, ordu berean elkarretaratzera deitua zuten udaletxe parean, saltoki handien hedapena salatzeko.