Lasarte-Oriako Udalak, Jesus Zaballos alkatearen bidez, Ttakun Kultur Elkartearekin bi hitzarmen sinatu ditu. Guztira 170.572 euro jasoko ditu elkarteak 2017. urtean zehar aurrera eramandako ekintzen truke.
Alde batetik, euskararen erabilera sustatzeko programei dagokien hitzarmena sinatu da. Horrela, 154.045 euro jasoko ditu kultur elkarteak, 2017. urtean aurkeztutako egitasmoak laguntzeko. Diru kopuru horrekin lagunduko dira Gazte Kluba, Amaraun Kluba, Kuadrillategi, Gurasoleku, Solaskide-solasbide, Kulturgintza euskararen eskutik eta Txintxarri aldizkaria.
Hitzarmenaren bigarren zatia, berriz, hiru urterako sinatu da Gazteria eta Jaiak departamentuarekin. Akordio honen bitartez Ttakunen hainbat jaialdi eta kultura ekitaldi lagunduko ditu udalak, hala nola, Euskal Inauteriak, Azkorteko azoka, Sorgin Dantza, Santa Anako parodia, San Tomas azoka eta Olentzero. Horrela, 16.257 euro jasoko ditu Ttakunek 2017. urterako, 17.284 euro 2018rako eta 17.524, berriz, 2019rako.
Jesus Zaballos alkateak adierazi du "pozgarria" dela elkartearekin akordioa sinatzea. "Ttakun Kultur Elkarteak egiten duen lanaren aldeko apustua egiten dugu".
Tomas Arrizabalaga Ttakun Kultur Elkarteko lehendakariak, berriz, eskerrak eman dizkio Udalari emandako babes eta laguntzagatik.
Ikastetxeak ere hitzarmen biden lagunduak
Lasarte-Oriako Udalak diruz lagunduko ditu Buruntzpe, Landaberri eta Oriartekide gurasoen elkarteak, euskararen erabilera bultzatzeko programak landu ditzaten. Guztira, 41.507 euro jarriko ditu udalak elkarteen hainbat egitasmo finantzatzeko.
Lasarte-Oriako Udalak, Jesus Zaballos alkatearen bidez, Buruntzpe, Landaberri eta Oriartekide gurasoen elkarteekin hitzarmena ondu du, eta guztira, 41.507 euro bideratuko ditu euskara sustatzeko programetara. Jon Antxordoki Euskara zinegotzia ere izan da sinadura ekitaldian, gurasoen elkarteetako ordezkariekin batera. Diru horrekin euskara sustatzeko programak bultzatuko dituzte ikasleen eta gurasoen artean. Hain zuzen, hiru elkarte horiek elkarlanean aritzen dira helburu horrekin.
Adostu dituzten programen artean Irakutrezin, Esazu, Irria eta Irrintzi aldizkariak daude, eta Hezitzaileek asko egin dezakete! saioaren aurpegi ezagunak.
Buruntzpek 7.992 euro jasoko ditu (10.392 euroko programak ditu). Ondorengo ekimenak finantzatuko dituzte horrela: Hezitzaileek asko egin dezakete; Ikusi, ikasi eta hasi gurasoen jolasen ikastaroa; gurasoentzako euskarazko eskolak; euskarazko aldizkarien irakurketa; eta Esazu euskarazko aldizkaria.
Bestalde, Landaberriko gurasoen elkarteak 9.845 euro jasoko ditu (14.715 euroko programak ditu). Ondoko egitasmoak finantzatuko ditu udalak: Irria aldizkaria; Irrintzi aldizkaria; pertsonaia ezagunen bisitak; Hezitzaileek asko egin dezakete; eta gurasoentzako euskara eskolak.
Euskara eskolak
Azkenik, Oriartekide 23.670 eurorekin lagunduko du udalak (23.670 euroko programak ditu). Ondorengo egitasmoak finantzatuko ditu diru horrekin: Lagunarteko hizkerarekin jolasean; Jolas dezagun euskararekin; Elemeleka 3. eta 4. DBHn eta 1. eta 2. Batxilerren; Irakutrezin aldizkaria; euskarazko aldizkarien irakurketa sustatzeko programa; eta pertsonaia ezagunen bisitak.