Euskal ukitua, Ttakunen esku

Txintxarri Aldizkaria 2018ko eka. 22a, 14:00
San Pedro jaietako egitaraua herriko elkarteen ekintzez osatua dago hein handi batean. Besteak beste, Ttakun Kultur Elkarteak ekarpentxoa egiten du. Aurten ere, jaietako egitarauan ohitura bihurtu diren hainbat ekitaldi antolatuko ditu

1991ean sortu zenetik hainbat ekintza sustatu ditu Ttakun Kultur Elkarteak, San Pedro jaietan euskal giroa sustatzeko asmoz. Aurten ere ez du hutsik egingo. Haur, gazte eta heldu, adin guztietako herritarrek dute aukera elkarteak 2018. urteko sanpedroetan antolatzen duen egitarauko ekintzetaz gozatzeko. 

Musika eta dantza izango dira nagusi. Sorgin dantzan, kantu-dantza jiran edo erromerian herritarrek haien dohainak erakutsi ahalko dituzte. Baina bada tarteetik ere gure gastronomia dastatu (zikiro afaria edo sagardo dastaketa), eta Patxintxi sarien bidez aitorpen soziala egiteko. Elkarteko arduradunek herritar guztiak deitu dituzte ekimenetara hurbildu eta parte hartzera.

Patxintxi lehiaketa

San Pedro jaiei hasiera emateko, 65 urtez gorako herritar maitagarri eta goxoenak omenduko ditu Ttakun Kultur Elkarteak. 

Hirugarren urtea da Patxintxi  lehiaketa martxan dagoela; aurreko bi edizioetan herritarren esker ona jaso dute On Ramon Uribetxeberrik, Rosa Velascok, Jesus Mari Egizabalek eta Apoloni Otxandorenak.
Aurreko urteetan lez, Lasarte-Oriako adin txikikoek aurkeztu dituzte hautagaiak. Horiek ezagutzera eman ziren ekainaren 20an, asteazkenean, Ttakunen sare sozialetan. Ekainaren 25 astelehenera arte, herritarrek haien bozkak emateko aukera izango dute.

Ekainaren 28an, haurren txupinaren ostean, lehiaketako irabazleak jakitera emango ditu elkarteak, udaletxe zaharrean egingo den ekitaldian. 

Sorgin Dantza

Ordu batzuk geroago, Lasarte-Oriako herritarren artean San Pedro jaietako ekintza errotuenetariko bat egingo da: Sorgin Dantza. 

Ttakun Kultur Elkarteak hartu zuen bere gain 1994an, eta gaur arte antolatzeaz arduratu da. Urtez urte herritarren parte hartzeak gora egin du, eta sanpedroetako ekitaldi jendetsuenetariko da. Iaz, 300 lasarteoriatar baino gehiagok parte hartu zuten. 

Eguraldia lagun izanez gero, antolatzaileek aurten ere parte hartzaile kopuru bera espero dute. Izan ere, hilabete honetan Okendo plazan egin diren entseguetan 200 bat pertsona bildu dira egunero.
Ohiturari eutsiz, Sorgin Dantza Oriatik abiatuko da, 16:30ean. Ordurako guztia prest egoteko, dantzari eta txistulariak 16:00etan dute hitzordua Oriako Karmengo Amaren kaperaren ondoan. 

Haur eta helduen zortzikotea buru dutela, Orian dantza egin eta kalejiran herriko erdialderuntz egingo dute dantzariek. 

Ibilbidean ohiko geldialdiak egingo dituzte: Biyak Bat jubilatuen elkarte parean eta udaletxe zaharraren aurrean. Behar izanez gero, indarrak berreskuratu eta eztarriak freskatzeko ere geratuko dira beste zenbait gunetan.

Antolaketa lanak Ttakun Kultur Elkarteak bere gain hartzen baditu ere, herriko Lasarte eta Genesis tabernen laguntza izango dute, Sorgin Dantzako parte hartzaileak edari eta freskagarriekin hornitzeko.

Zikiroa

Bien bitartean, Mercero plazan sukaldariak tradizio bihurtu den zikiro afariaren prestaketa lanak hasiko dituzte.

Afalordura arte, 200 bat lagunentzako zikiroa erre eta usain gozoaz beteko dituzte Okendo plaza eta inguruak. 21:30ak aldera haragia puntuan izango dute. 

Okendo plazako mahaikideek, ordea, ez dute soilik zikiroa dastatuko; entsalada, postrea eta kopa ere eskainiko dira afaltzerako orduan. Era honetara, sabelak ederki bete ahalko dituzte. 

Tiketak salgai daude bihar, ekainaren 23ra arte, hogei eurotan, Ttakun Kultur Elkartean eta Jalgi tabernan.

Bestetik, San Pedro egunean musika izango da nagusi Ttakunen ekintzetan. Eguna modu ederrean hasteko, 12:00etan kantu-dantza jiran parte hartzeko aukera ezin hobea izango dute lasarteoriatar guztiek.
Txistularien, Txapas eta Joxerra San Sebastianen laguntzaz, Sagardotegi kaletik abiatuta euskal doinuak eta umore ona izango dira nagusi Lasarte-Oriako kale eta plazetatik barrena. 

Herritarrez gain, herriko Xumela koruko eta Alboka abesbatzeko kideek parte hartuko dute kantu-jiran. Beste talde gonbidatu batzuk ere izango dira, hala nola, Hondarribiako eta Zarauzko Montetxio eta Olagarro.

Dantzari dagokionez, plaza dantza taldeetako kideak izango dira kantu-dantza jiran; Erketz EDTeko eta Kukuka Antzerki eta Dantza eskolako lagunek ere parte hartuko dute. Urtez urte, harrera hobea du Ttakun Kultur Elkarteak antolatutako ekintza horrek. 

Sagardo dastaketa

Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, ohiko sagardo dastaketaren txanda iritsiko da Okendo plazan. Sollane, Buenavista, Telleri, Zubillaga eta Saltsate. Lasarte-Oriako sagardotegi eta baserrietan ekoitzitako sagardo basokadak edango dituzte bertaratutakoek, edaria amaitu arte.

Dastaketa doakoa da, baina aurretik euro batean edalontzia erosi behar da. Hau da, nahi adina edan ahal izango dute bertaratutakoek.

Sagardo dastaketa ez ezik, erromeria gidatua ere izango da San Pedro eguneko arratsaldea euskal doinuez betetzeko.

Dantza gidatua 19:00etan hasiko da, plazan bertan. Javi Fernandez de Lezeak zuzendutako saioa izango da, eta Ttirriki Ttarrakak jarriko du musika. Dantzan jakin edo ez, herritar guztiek edukiko dute primeran pasatzeko aukera. 

Makarronada

Aurten Ttakun elkarteak ez du haurren bazkaria antolatuko, hori dela elkarteak atxikia doan oharra helarazi du.