Euskal presoen auzia askatzeko beste urrats bat

Txintxarri Aldizkaria 2018ko abe. 21a, 17:00
Orain Presoak dinamikak urtarrilaren 12an Bilbora eta Baionara hurbiltzeko deia egin du. Bien bitartean, euskal presoen egoera gogoan izateko, Gabonetan hainbat ekintza egingo dituzte herrian; esaterako, haien testuekin osatutako errezitaldia

Urtarrilaren 12an, euskal presoen auzian "beste urrats bat" egiteko manifestazioa egingo dute Bilbon eta Baionan, Orain Presoak dinamikak deituta. Lasarte-Oriako Sare Herritarrak bat egin du deialdiarekin, eta Bilboko mobilizazioan parte hartzeko gonbita egin die herritarrei. 

Dinamikak uste du espetxe politika aldatzeko kontsentsua badagoela, eta estatuengan eragin behar dela, politika hori zehazten duten oinarriak moldatzeko.  

Horretarako, norbanako ororen "aktibazioa eta inplikazioa" behar da. Hori dela eta, bi manifestazio antolatu dituzte; bata Bilbon, eta bestea Baionan. "Bi aldeak batuko dituen mobilizazio bakar bat izango da. Aldarriaren atzean jendarte osoa dagoela erakutsiko diegu, bai Frantzia, bai Espainiako estatuei".

Gipuzkoako herrietako norbanakoak bilduko dira Bilbon; ehun autobus inguru prestatu dituzte. Lasarte-Oriatik ere aterako dira; manifestaziora joan nahi duten herritarrek izango dituzte eskura. Autobusak 15:00etan aterako dira Tajamar biribilgunetik. Tiketak salgai daude Artizar eta Ilargi tabernetan.

Gabonetako ekintzak 

Orain Presoak ekimenaren inguruan hainbat ekintza antolatu dituzte Gabon jai hauetan.

Gaur, abenduaren 21ean,  17:30etatik 20:30etara informazio mahaia jarriko dute Okendo plazan, San Tomas azokan. Bertan, txokolate beroa eta bizkotxoa eskainiko dituzte.

Abenduaren 28a hilabeteko azken ostirala izanik, elkarretaratze ibiltaria egingo dute. 20:00etan San Pedro elizaren atean hasiko da ekitaldia.

Urteari amaiera emateko, abenduaren 31n, 19:00etan, Bada garaia; presoak kalera! lelopean manifestazioa egingo dute, Okendo plazatik hasita.

Errezitaldia
Hori guztiaz gain, Harresi Guztien Gainetik taldeak Musika eta ipuinak, bihotzetik bihotzera errezitaldia antolatu du, urtarrilaren 4an, 20:00etan, Manuel Lekuona kultur etxean.

Bederatzigarren edizio horretan musikaz gain, preso dauden herrikideek helarazitako sormen lanez ere gozatu ahalko da. Horrek guztiak, "presoak etxeratzeko beharra" aldarrikatzeko balioko du.