Euskal jai egunerako atzera kontua

Txintxarri Aldizkaria 2017ko aza. 17a, 10:30
Azaroaren 25ean Euskal Jaia ospatuko dute Lasarte-Orian. Musika, dantza, herri-kirolak, erromeria, jatekoa eta edatekoa... denetarik izango da Okendo plazan

Euskal jantziak armairutik ateratzeko ordua iritsi da, Euskal Jai eguna dator eta. Azaroaren 25ean, larunbatean, egun osoko egitaraua antolatu dute.

Txistulariek Lasarte-Oriako erdiguneko herritarrak esnatu eta kaleak alaituko dituzte.

Ostean, 11:30ean, kantu-dantza jira aterako da Andatza plazatik. "Urtero auzo bat hartu nahi dugu abiapuntu, iaz Zumaburu izan zen eta aurtengoan Sasoeta", azaldu dute antolatzaileek.
Jaizkibel plazan, Elizatzeko plazan, Ilargi tabernan, Sagardotegi kalean eta Okendo plazan geratuko dira. Bi abesti eta bi dantza egingo dituzte bakoitzean. "Haur, zein helduek ezagutzen dituzten doinuak izango dira".

Elizatze plazan gainera, Gazte Klubeko lagunek prestatutako mokadutxo goxoa dastatuko dute. 

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, "zer prestatuko duten erabakitzeko gaur arratsaldean pintxo lehiaketa egingo dute, bata LH3 eta LH4 mailako lagunek eta bestea LH5 eta LH6koek". 

Kantua eta umorea

Kantu-jira amaitzean, indarrak berreskuratzeko paella jatea izango da Okendo plazan. Tiketek zortzi euroko balio dute. Jalgi eta Ttakunen eskuragarri daude.

Bazkal ostean ez da lokartzeko astirik izango. Xumela koruak gonbidatuta, Zarauzko Montetxio korua eta Hondarribiako Olagarro korua etorriko dira, eta emanalditxo bat eskainiko dute.
Umoreak ere izango du tartea, Intza Alkainen bakarrizketa izango da eta.

Kirola

Arratsaldean, berriz, kirolen txanda izango da.

Azkeneko hiru Euskal jai egunetan lez, Okerra harria izango da plazan. 

Sasoeta baserrian zegoen udare forma duen 140 kiloko harri irregularra jasotzeko erronka onartu dute berriro ere harri jasotzaileek. 

2013an, Ostolazak zazpi jasoaldi egin zituen; 2014an, sei eta 2015ean, bi. 

Haur eta gaztetxoek ere izango dute zer egin, Ostadarrek herri-kirolak eta jolasak antolatuko ditu eta.

Intza Kirol Elkarteko lagunei esker, pilota partidak jokatzeko aukera ere izango da.

Euskal Jai egunari amaiera "aparta" emateko musika izango da nagusi.

Ttirriki Ttarrakako lagunek, Ixak Arruti baxu-jotzailearekin eta Jokin Irastorza bateria-jotzailearekin batera, Okendo plaza dantzan jarriko dute. Oaintxe in deu!! txaranga, berriz, herriko kaleetatik barrena ibiliko da.

Antolatzaileek euskal jantziak soinean dituztela kalera atera eta ekintzetan parte hartzeko gonbita egiten diete herritarrei. "Euskal giro aparta izango da eta".