XX.mendean, herri eta auzo askotan ospatu izan zuten Euskal Jaia. Baserriko jantziak soinean, jai giroan igaro ohi zuten eguna euskaldunek. Herri kirolak, euskal dantza erakustaldiak, eta beste zenbait ekintza prestatzen zituzten herritarrek euskal ospakizunerako.
Lasarte-Orian ere festa ospatzeko ohitura zuten; 1927. urtean, lehenengo Euskal Jaia antolatu zuten herrian. Irailaren 9an izan zen hitzordu hura, eta urtebete beranduago, urriaren 2an, Zubietan egin zuten. Azken hori Biyak Batek (orduko lehen elkartea) antolatuta.
Urte horien ostean, etenaldi bat izan zen herrian, baina garai haietako jaia berpiztu, eta euskal giroan murgiltzeko asmoz, Euskal Jaia ospatuko da Lasarte-Orian.
Ttakun Kultur Elkarteak antolatuta, egun osoko egitaraua izango da aurtengoan ere Lasarte-Orian. Euskal Jaia hilaren 21ean egitea aurreikusten dute antolatzaileek, baina izan liteke data aldaketarik.
Egunari behar bezalako hasiera emateko, herriko kaleak doinu, kantu eta euskal dantza ezberdinekin alaituko dira.
Gorputzari astindu eman ostean, indarrak berreskuratzeko, herri bazkaria egingo da, paella dastatuko dute herritarrek. Horretarako, astelehenean salgai jarriko diren tiketak erosi beharko dira Ttakun Kultur Elkartean, eta Jalgi Kafe Antzokian; antolatzaileek jakitera eman duten moduan, 8 eurotan eskuratu ahal izango dira. Horietako bi, Ttakun Kultur Elkarteko bazkideen artean zozketatuko dira.
Herri kirolek ezin zuten hutsik egin aurtengo Euskal Jaiean. Horrela, Okerra harria erdigune izaki, ikuskizuna eskainiko dute zenbait harrijasotzaileek. Ikuskizunarekin batera, gaztetxoenek ere kirol proba desberdinetan parte hartu ahal izango dute.
Ezinbestean, musikak ere izango du lekurik. Egun osoko ekitaldien ostean, erromeria izango da, eta trikiti doinuek lagunduta tabernaz-taberna, mokadutxoa jateko tartea izango da gero.
Hori guztia gutxi ez, eta egunari amaiera borobil bat emateko, elektrotxarangak herriko kaleak girotuko ditu.
Azpiegitura arazoak medio, jaia ospatzeko lekua eta eguna zehazteke daude; datozen egunetan, sare sozialen bidez emango da jakitera.