2017 eta 2019 urte artean Erketz EDTk Lasarte-Oriako Udalaren diru laguntza izango du. Jesus Zaballos alkatea eta Erketz EDTko Ruben Arranz lehendakaria pozik agertu dira hitzarmenaren sinadura ekitaldian.
“Oso eskertuak gaude Erketzek egiten duen lanarengatik. Herrian eta herritik kanpo emanaldiak eskaintzen ditu eta beste herrietan Lasarte-Oriaren izena ezaguna egiten du”, azpimarratu du alkateak.
Hitzarmenaren arabera, Erketz EDTk 2017an 3.727 euro, 2018an 3.779 euro eta 2019an 3.832 euro jasoko ditu.
Bere egitekoak San Juan bezperako ekitaldian eta Santa Ana egunean parte hartzea, Dantzari eguna eta Dantzari Txiki eguna antolatzea eta San Pedrotako emanaldia eskaintzea dira.
Honetaz gain, Jesus Zaballos alkateak aurreratu duenez, 2018 urtera begira eranskin bat egingo zaio hitzarmen honi. “Erketz EDTren 50. urteurrena da eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte ospatzeko. Herri guztiek ezin dute esan 50 urte dituen elkarte bat dutenik eta hori txalotzekoa da”.