Euskal dantza sorta, herriko festen aurrekari

IƱigo Gonzalez Sarobe 2017ko eka. 18a, 21:25
Urtean zehar behin eta berriz landutako dantzak plazaratu ditu Erketz EDTk Okendo plazan, larunbatean. Gipuzkoako dantzak, Zuberoakoak, Erronkariko ttun-ttuna, Lapurdiko Ihauteria, Erketz Txikiko kideen emanaldiak... Ez da ezer falta izan.

Erketz EDT taldeko kideak prest daude San Pedro jaietarako. Duela hiru aste bezala, euren errepertorioko dantza onenak eskaini zituzten Okendo plazan. Eguraldi ona aprobetxatuz bat baino gehiagok egin zituen planak herritik kanpora joateko, baina, hala ere, ikusle ugari gerturatu ziren emanaldiaz gozatzera.

Haur, gazte zein heldu, makina bat herritar (20 Erketz Txikin, 25 Erketzen eta 16 helduen taldean) elkartzen dira astero entseguetan, euskal dantzen teknikak ikasteko. Asteburuan erakutsi dute fruituak eman dituela urtean zehar egindako ahaleginak. Hogeita hamar emanaldi ingururekin osatu zuten antolatzaileek festen aurreko emanaldia.

Gipuzkoako dantzak plazaratu zituzten aurrena. Hasteko, nola ez, agurra. Ondoren, ezpata dantza ikusgarria. Bloke hori itxi aurretik, beste lau dantza eskaini zituzten: upelategi, punta motz, uztai txiki eta jorrai-dantza. 

Gipuzkoatik, Zuberoara: bertan egin ohi den makil dantzarekin hasi ziren. XVI. mendean sortutako Branle deituriko modalitatea plazaratu zuten gero. Koadrillek dantzatuz itxi zuten bigarren atala. Helduen taldeak eskaini zituen hiru dantza horiek.

Kortesko makil-dantzaz gozatu zuten ikusleek gero. Sarrera eginez ekin zioten dantzariek hirugarren blokeari. Paseilloa dantzatu, eta lehenengo zinta-dantza plazaratu zuten. Baltsa izan zen atal horretako laugarren dantza, eta bigarren zinta-dantza egin zuten gero. Makil-jokoarekin utzi zuten Okendo plazako eszenatoki inprobisatua.

Erketz Txiki taldeko gazteek jarraitu zuten emanaldiarekin. Igitai dantza egin zuten aurrena. Ondoren, Polka de bebes. Esku-dantza eta txulalai emanaldiekin bukatu zuten. Ikusleek gogotik txalotu zuten neska-mutil gazteen lan ederra.

Sardinerak, Ihauteria... 

Dantza atalak itxi ahala gero eta gogo gehiago zituzten ikusleek Erketzeko dantzarien trebeziaz gozatzeko. Eta egin zuten.
Ikustekoa izan zen Lapurdiko sardineren emanaldia, otarreak eskuetan hartuta. Musika denborak hartu zuen lekukoa gero. Erronkariko ttun-ttuneroek ere piztu zuten ikusleen arreta.

Larunbateko emanaldia ixteko, Lapurdiko Ihauteria ekarri zuen Okendo plazara Erketz dantza taldeak. Sei dantza plazaratu zituzten dantzariek bloke horretan: hasteko, Xinple; Marmuts eta Zapataindantza ondoren; Lapurdiko makil-jokoekin jarraitu zuten; eta, amaitzeko, Ahuntxa eta Kontradantzak. Ikusleek ia-ia nekatzeraino jo zituzten txaloak, dantzarien lan bikaina eskertuz.

Gauean Arrieskalleta elkartean berritu zituzten indarrak Erketz EDTko kideek. Gaur goizean Brigitarren komentuko korpusean ere dantzatu dute.