Euskadiko errekor berria hautsi du Leire Martinek Gijonen

martin-vicioso 2017ko mar. 23a, 13:29
200 metro bizkar frogan lortu du Buruntzaldea IKTko igerilariak 14 urte azpikoen marka berria.

Finalerako atarian geratu zen Leire Martin 200 metro bizkar frogan Espainiako infantil mailako Neguko Txapelketan. Hala ere, bere kategoriako Euskadiko errekorra hautsi zuen Gijonen, eta bere adineko hirugarren denborarik onena egitea lortu zuen.

200 bular, 400 eta 200 estiloak eta 400 libre frogetan ere lehiatu zen Leire emaitza txukunekin. Azkenekoan izan ezik, bere marka pertsonalak hautsi zituen denetan, taldeko zenbait errekor ezarriz.

Ainhoa Martinek, berriz, 200 estiloetan hartu zuen parte, eta bere markarik hoberena zazpi segundutan hobetu zuen.

Asteburu honetan Anoetan egingo den 'Gipuzkoa Sarian' lehiatuko dira taldekideekin batera.

Unai Somovilla selekzioarekin 

Bestalde, alebin mailako Unai Somovilla Euskadiko selekzioarekin lehiatuko da erkidego arteko Espainiako Txapelketan Palma Mallorcakoan. 100 bizkar eta 100 bular frogetan hartuko du parte.