Etxetik gertu, bi eguneko jaialdia

maddi-noriega 2017ko ira. 10a, 12:00
Ateak zabaltzear ditu Kutxa Kultur musika jaialdiak. Irailaren 15ean eta 16ean izango da festibala, eta zazpigarren edizioa izango du aurtengoa. Berrikuntzen artean, lekua izango da nagusia; Igeldo menditik, hipodromora lekualdatuko dira lehenengoz musika emanaldiak

Rock, Pop eta elektronika musika estiloen doinura, bi eguneko jaialdia izango da datorren ostiralean eta larunbatean. Zazpigarren urtez, Kutxa Kultur Festibala egingo da, eta aurtengo edizioak, inoiz baino gertuago harrapatuko du Lasarte-Oria. Igeldo menditik, hipodromora lekualdatuko da lehenengoz.

Askotariko musika emanaldiak  ikusi eta entzuteko aukera izango dute hipodromora gerturatzen direnek. Eskoziako The Jesus and Mary Chain musika banda izango da zazpigarren edizioaren kartelburua. Antolakuntzatik jakitera eman dutenez, hemezortzi urte igaro dituzte diskorik atera gabe, eta hilaren 15ean emango duen emanaldia baliatuko du apirilean argitaratuko duen lan berria aurkezteko. Horiekin batera, Love of Lesbian, Zea Mays, The Hives, Depedro, The Drums, eta Skakeitan taldeak arituko dira zuzenekoan, besteak beste. Parte hartzaile guztiak lau eremutan banatutako agertokietan egingo dituzte kontzertuak. Musika emanaldiez gain, Street art eta Pop art atrakzioak, eta beste zenbait ezusteko iragarri dituzte. 

Musika elektronikoaren eremua

Baina leku aldaketa ez da berrikuntza bakarra izango; aurtengo edizioaren eremu berri bat izango du jaialdiak: Paddock agertokia. Bertan, musika elektronikoa izango da entzungai, eta beste zenbait talderekin batera,  Floating Points, Powder eta Erol Alkan bandek eskainiko dituzte emanaldiak.

Sarreren prezioak

Kontzertuez gozatzera gerturatu nahi duen orok, sarrerak erosi beharko ditu. Zenbait prezio finkatu dituzte; bi egunetako emanaldietara gerturatzen direnek, 55 euro (3,5 euroko kudeaketa gastua gehitu zaio). ordaindu beharko dituzte, eta egun bakarreko sarrera erosten dutenek, berriz, 30 euro (3,5 euroko kudeaketa gastua gehitu zaio).