Estilo nahasketa nagusi Kultur Kale Zikloan

Txintxarri Aldizkaria 2018ko uzt. 5a, 15:30
Kultur Kale Zikloaren edizio berria aurkeztu dute. Uztaila eta irailean, auzo ezberdinetan eskainiko diren kontzertuez gozatu ahalko dute herritarrek

Jesus Zaballos alkateak, Txus Alonso Gazteria saileko buruak eta Jokin Telleria XpressionK ekimeneko kideak eman dute aurtengo egitarauaren berri.  Ziklo honek 4.000 euroko aurrekontua du.

Zazpi kontzertu izango dira aurten eta auzo ezberdinetan egingo dira. Horregatik,  Jesus Zaballos alkateak zikloak bere sorreratik izan duen deszentralizazio izaera gogorarazi du. “Kontzertuak kalera eraman eta espazio ea leku ezberdinetan  egiten dira”.

Honez gain, berrikuntza bat iragarri dute, astean zehar ere izango dira bi kontzertu. “Asteburuetan eta asteazn zehar izango dira aurten. Proba egingo da,” aipatu du Txus Alonsok.

Bestalde, Jokin Telleria XpressionK-ko ordezkariak egitaraua osatzen duten taldeen mestizajea eta horrek sortzen duen estilo nahasketa azpimarratu du.

Larunbata honetan, zikloko lehen kontzertuan,  Peppermin Quartet taldea  izango da Tximistarreta parkean. Talde honek estiloak nahasten ditu abestiei ukitu berezia emanaz.

Uztailaren 14an, larunbata, Zarautzen sortutako Pig&Kiss taldearen txanda izango da Atsobakarren. Haien abestietan 70. hamarkadako rock doinuak dira nagusi.

Lemon Twist taldeak, berriz, uztailaren 18an, asteazkena joko du Okendo plazan. Pop-rock moldaketak eskainiko dituzte.

Uztailaren 25ean Europa ekialdeko armoniak entzun ahalko dira Zumaburu auzoan Stelium taldearen eskutik.

Basaundi bailarako San Inazio jaietan ere tartea izango da zikloko kontzertu batearko. Indian Feather taldea izango da bertan uztailaren 31an.

Irailari hasiera ederra emateko, Kaxueira taldeak kontzertua eskainiko du irailaren 1an, Zabaleta auzoko plazan.

Okendo plazan irailaren 8an amaituko da aurtengo zikloa. Bertan Akimbo taldearen doinuak entzungo ahalko dira.

Saio guztiak 20:00etan hasiko dira eta agerraldian iragarri dutenez, eguraldi txarra eginez gero, emanaldiak egunez aldatuko dira.

Udal ordezkariek eta zikloko arduradunak herritarrak animatzen dituzte kontzertuetara hurbildu eta musikaz gozatzera.