Iaz bezalaxe, hurrengo ikasturterako eskolako materiala erosteko diru laguntzak abiatu ditu Lasarte-Oriako Udalak. Haurrak lehen hezkuntzan eta bigarren hezkuntzan matrikulatu dituzten gurasoek eskatu ditzakete, betiere iaz jasotako errentaren arabera. Ikasle bakoitzeko 75, 50 edo 25 eurokoak dira laguntzak. Eskolarako materiala ez ezik (arkatzak, boligrafoak, koadernoak, karpetak…), eskolara joateko beharrezkoak diren janztekoak ere erosi ahal izango dira diru horrekin (uniformea, betaurrekoak…).
Diru laguntza jaso ahal izateko baldintzei eta prozedurari buruzko eskuorria jasoko dute herritarrek postontzian. Dendetan ere izango dira informazio orriak. Gehienez, urteko 40.000 euroko diru sarrera eduki beharko dute familiek laguntza horretaz aprobetxatzeko. 20.000 eurotik beherakoak dutenek, 75 euro jasoko dute; 20.000 eta 30.000 euro artekoak dutenek, 50 euro; eta, azkenik, 30.000 eta 40.000 euro artekoak dutenek, 25 euro.
Laguntza jasotzeko, erositako materialaren tiketak aurkeztu beharko dira inprimakiarekin batera. Eskaera sarean egiten bada, eskaneatu egin beharko dira dokumentu horiek.
Lasarte-Oriako edozein dendatan erabili ahal izango da. Hain zuzen, ekimenaren beste helburua da herrian bertan kontsumoa bultzatzea. Haurrak herritik kanpo matrikulatu dituztenak ere jaso ahalko dituzte, Lasarte-Orian erroldatuta baldin badaude.
Jesus Zaballos alkateak esan duenez, iazko diru sorta berbera eskaini dute aurten: 10.000 euro. “Ez zen guztia gastatu, ez dakigu zergatik, agian ezjakintasunagatik”. Alkateak nabarmendu duenez, diru laguntza horiek herriko dendei ere mesede egiten diete. “Herriko dendetan gastatu behar da, berdin du Aterpeako kideak diren edo ez”.
DR jostailu-liburu dendan eman dituzte diru egitasmoaren nondik norakoak. Nekane Robles dendako arduradunak “pozarren” hartu du ekimena. Halere, udala animatu du norabide horretan urrats gehiago egitera. “Laguntzak jaso ditzaketen haurren adin tartea zabaldu behar da”.