Errioxara irteera antolatu du Biyak Bat egoitzak apirilaren 28rako

Txintxarri Aldizkaria 2017ko api. 21a, 11:15
Askotariko ekintzak antolatu ohi dituzte herriko Biyak Bat helduen egoitzako kideek, eta oraingo honetan, irteera izango dute apirilaren 28an.

Errioxako hiriburua ezagutzera joango dira oraingo honetan; Logroñora.

Aipatu egunean, hilaren 28an, goizeko 08:15ean irtengo dira herritik eta Logroñoko 'Santa Maria de la Redonda' eliza nagusia bisitatuko dute lehenik, eta museoa gero.

Goizeko bisiten ostean, Hostal Venecian egingo dute eguerdiko otordua, eta hirian barrena paseoa egin asmo dute arratsaldean. 

Prezioei dagokienean, 35 euro ordaindu beharko dute egoitzako kide direnek eta 45 euro, berriz, kide ez direnek.

Izen emate epea zabalik da jada eta plaza mugatuak direla jakinarazi dute antolatzaileek. 

Irteerak arrakasta handia izan duela adierazi dute Biyak Batetik eta dagoeneko bigarren autobusa betetzeko lanetan ari dira. Hau dela eta, herritarrak animatzen dituzte parte hartzera.