Ane Labakak ederki esan zuen agurreko bertsoan: "Dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko". Eta bertsotan egiten duena ere ez. Trikitixa zein panderoa jotzen dituena ere ez. Eta, nola ez, irri egiten duena ere ez. Esaldi horiei jarraiki, Lasarte-Oria ez dago hilzorian, atzo gauean horiek denak uztartu zituelako Ttakun KEk, Earra! Bertso Eskolak eta Lasarte-Oriako Udalak elkarlanean antolatutako udaberriko bertso saioan.
Eta, kasualitatez, noizbait hilko balitz, Maurizia Aldekoiturriagak berpiztuko luke, seguru, panderoa eskuetan. Interpretazio bikaina egin zuen Intza Alkain herritarrak, ikusleak barreagatik malkotan utzi arte. Bakarrizketa hori izan zen gaueko ikuskizun txalotuenetakoa. Maurizia erretiratu ostean, Ane Labaka, Maialen Lujanbio eta Andoni Egañak bertsoak abestu zituzten pertsonaia bitxi horrek kontatuak aintzat hartuz.
Dinamika bera jarraitu zuten gau osoan. Atera ziren oholtzara Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolako pare bat talde, baita Erketz Dantza taldekoak ere; atera ziren Urtzi Agirretxe, Aitor Lasa, Joseba Tapia, Dani Narbarte, Peio eta Goiatz Aiestaran eta Iñigo Azkue trikitilariak; eta oholtza gainean aritu ziren Alazne Ramos, Uxue Odriozola, Maider Oiartzabal eta Ibai Fresnedo dantzariak.
Aktuazio bakoitzaren ostean, Uxue Loinaz gai-jartzailea atera eta estuasunetan jarri zituen hiru bertsolariak, era guztietako gaiak proposatuz: politikarekin lotutakoak, ea zein dantza erritmo zuten gustukoen. ligatzeko orduan ea zein ote zen euren 'konfort' gunea, zoriontasunari buruz ere abestu behar izan zuten... Iñigo Azkue trikitilariak esan zuen bezala, gaia edozein izanda ere, "urre bihurtu" zuten Labakak, Lujanbiok eta Egañak.
Publiko artean bertsotan
Egitarauko ikuskizun ia guztiak oholtza gainean izan ziren, baina amaitu aurretik, mikrofonoak eskuetan, hiru bertsolariak publiko artera joan ziren koplatan egitera, Joseba Tapia trikitilaria lagun zutela. Umorea ardatz hartuz, bertso ederrak abestu zituzten; adi-adi ari ziren entzuten 'Andoniren zaleak' (helduak, aurreko ilaretan zeudenak) eta 'Aneren zaleak' (atzealdean zeudenak, gazteak), 'udaltzain eta ertzainak' (Kukuka zein Erketzeko dantzariak, kapela urdinak eta gorriak zituztelako) ere presente zeudelarik. Eta, ohartzerako, 00:30ak ziren. Galdetuz gero, beste ordu pare batez ere gustura egongo ziren kultur etxean elkartutakoak.
Atzoko hainbat irudirekin osatutako argazki galeria