Errefuxiatuak laguntzeko moduak, Lasarte-Oriatik

Txintxarri Aldizkaria 2017ko aza. 24a, 10:15
Talde Aktibistak antolatuta, errefuxiatuen gaiari heldu diote Zaporeak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteek

Albistegietan presentzia galdu izanagatik, arazoa ez da leundu. Milaka eta milaka errefuxiatu daude gaur egun Grezian harrapatuta, ez aurrera ez atzera egin ezinik. Europako agintarien konpromisorik ezak norbanako eta talde ugari bultzatu ditu iheslariak laguntzera. Baita Lasarte-Orian ere. Herriko Talde Aktibistak antolatuta, mahai ingurua egin dute aste honetan errefuxiatuekin zuzenean lan egin duten hiru boluntariorekin. Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko Maider Agirrek eta Xabier Aretak eta Zaporeak taldeko Oraitz Garciak euren esperientzien berri eman zuten asteazkenean Villa Mirentxun. 

Ezinegon berberak bultzatuta sortu zituzten bi elkarte horiek,  errefuxiatuen krisiak goia jo zuenean. "Zerbait egin behar dugu". Aretak azaldu duenez, Ongi Etorri Errefuxiatuak iheslariei babesa eskaintzea, eta gizartea kontzientziatzea du helburu. Horretarako, kalean ekitaldi ugari egiten dituzte, herritarrak kontzientziatzeko xedez. 
Agirrek iazko udan Melillara egindako bidaiaren berri eman du. Euskal Herritik talde bat abiatu zen Mediterraneoaren beste aldera, bertako migratzaileen eta errefuxiatuen egoera ikuskatzeko. Espainiaren migrazio politika bertatik bertara ikusi zuten ekintzaileek. Esaterako, agiririk ez dituztenak atxikitzen dituzten zentroetara egin zuten bisita. "Berez kartzela xenofoboak dira, ez dituzten oinarrizko baldintzak betetzen". 

Zaporeak tresna gisa

Garciak Zaporeak proiektuaren sorrera azaldu du, eta Kios Greziako uhartean egindako lana kontatu. Handik igarotzen ziren iheslariei jatekoa prestatzeaz arduratzen ziren boluntarioak. Baina Europako Batasunaren eta Turkiaren arteko itunaren ondorioz, errefuxiatuak harrapatuta geratu ziren uhartean, eta elkarteak epe luzera begirako elikadura emateko proiektua garatu zuen. 

Kioseko lana amaitutzat eman zuten sukaldari eta beste boluntarioek, baina Grezian jarraitzen du taldeak. Bi proiektu dituzte esku artean. Bata Patrasen: 350 errefuxiatu elikatzen dituzte. Eta bestea Atenasen: 600 errefuxiaturen mantenuaz arduratzen dira. Garcia: "Gobernuek egiten ez dutena egiten dugu".