Erraustegiko goi-tentsioko linea aurrera

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mai. 30a, 12:00
Lasarte-Oriako Udalak Erraustegiko goi-tentsioko lineari baimena eman dio, Aire Garbiak aurkeztutako 300 sinadura baino gehiagori jaramonik egin gabe

Maiatzaren 16ean Alkateak sinatutako Dekretu baten bidez 132 kV goi-tentsioko obra lizentzia ematen zaio GHK-ri, Aire Garbia ekimenak jakitera eman duenez. Era honetara, ekimenak bildutako 300 herritarren eskaerari muzin egin die.

"Gure kezkak bete egin dira. Espero moduan, malgua izan da Lasarte-Oriako Udala. Aire Garbian ziur gaude askoz zorrotzago joka zezakeela Udalak lasarteoriatarron osasun, ekonomia eta ingurumenaren defentsan. Baina ez du egin. Ezin diogu Alkateari sinetsi esaten duenean lasarteoriatar gehiengoaren nahia defendatuko duela, nahiz eta bera ados ez egon. Lasarteoriatar gehienok ez dugu Erraustegia nahi. Ederki daki hori Alkate jaunak eta, nahi izanez gero, askoz zorrotzago izan zitekeen gure ume, heldu eta adinekoen osasunaren defentsan. Lasarte-Oriako lur, landaredi eta faunaren errespetoan eta defentsan," adierazi du elkarteak.

Erraustegiak lasarteoriatarron osasunean izango duen eragin guztiz kaltegarriaz kezkatuta eta goi-tentsioko linearen trazadurak udalerriko lurretan eragingo duen ingurumeneko triskantzaren jakitun, maiatzaren 3an agerraldi baten bitartez, Aire Garbiak GHK-k eskatutako obra lizentzia ez emateko eskaera luzatu zion Lasarte-Oriako Udalari. Honez gain, sinadura bilketa bat egin zuen. "Oso kanpaina xumea eginda, herriko hainbat talde politiko eta eragileen babesaz gain, 300 herritar baino gehiagoren sinadurak bildu dira. Pozik gaude".