Erraustegiaren eragina airean neurtzeko, kontrolak handituko ditu aldundiak

Txintxarri Aldizkaria 2018ko aza. 9a, 17:03
Lasarte-Oriako Udalak eskatuta, ekipamendu berriak erosi ditu GHK-k, “kutsadura parametroak gainditzen ez direla bermatzeko”

Akordioa sinatu dute Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak eta Lasarte-Oriako Udalak, Tximistarreta parkean dagoen airearen kalitatea neurtzeko azpiegitura indartzeko. Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidentea eta Ingurumen diputatua Lasarte-Orian bildu da Jesus Zaballos alkatearekin, lankidetza hitzarmena sinatzeko.

Berez, orain bertan dagoen ekipamenduak betetzen ditu legeak ezarritako baldintzak. Erraustegiak airearen kalitatean izango duen eragina neurtzeko jarri zuten; eraiki aurretik neurketak egiteko, eta martxan dagoenean aterako dituzten datuekin alderatzeko.

Halere, gaiak herrian piztu duen ezinegona ikusita egin du eskaera udalak. “Aldundiari eskatu genion parametro gehiago neurtzeko aukera, gardentasun ariketa handiagoa egiteko, airearen kalitatea hobeto neurtzeko”, azaldu du Zaballosek. “Ez zuen [GHK-k] betebeharrik eskari horri erantzuteko, baina ongi ikusi dute”. Hain justu, kontrolak indartzeko ekipamendu berria kontsortzioak ordainduko du. “Ardura eta gardentasun ariketa bat da”, adierazi du Asensiok.

Estazio horretan monitore eta analizagailuak ezarriko dituzte, kutsatzaileen kontzentrazioa neurtzeko. Gailu horiek aireraren laginak hartzen eta aztertzen dituzte etengabe, hamar segundotik ordu laurdenera arteko tarteetan. Asensiok azaldu duenez, datu horiek egiaztatu eta argitratauko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren webgunean. “Neurketa eta inbertsioa guk egiten dugu, baina eskumena Eusko Jaurlaritzarena da, eta haien webgunean izango dira ikusgai”.

Erraustegiaren inguruan egongo dira airearen kalitatea neurtzeko instalakuntza gehiago: Andoianen, Zubietan eta Usurbilen. Gipuzkoako beste neurgailuekin erkatuko dituzte datuak, ikusteko errausketak eskualdean izango duen eragina. Egun Lasarte-Oriako airearen kalitatearen inguruan hitz egin du Asensiok. “Neurketak aspaldi egiten dira. Gipuzkoan airearen kalitatea ez da txarra. Lasarte-Orian N-1eko errepidea ondoan dago. Trafikoa da gehien kutsatzen duena”.

Zaballosek kontuan hartzeko beste kutsatzaileak ere aipatu ditu. “Michelin, Luzuriaga, Rezola… Horregatik da garrantzitsua jakitea orain zein den airearen kalitatea, parametro guztiak ezagutzea, ondoren datuak alderatu ahal izateko”.