Erraustegiaren aurkako ekintzak areagotu dira

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ira. 21a, 12:00
Zubietako "proiektu txikitzailea" geldiaraztea aldarrikatu du Ernai gazte antolakundeak. Okendo plazan hasi eta manifestazioa egin dute erraustegiko lanetara. Gipuzkoa Zutik plataformak, berriz, martxara deitu du iganderako, erraustegia eraikiko duten lekura

Gazteek ozen aldarrikatu dute erraustegirik ez dutela nahi. Ernai antolakundeak deituta, Utzi bizitzak kutsatzeari. Erraustegia gelditzera goaz! lelopean manifestazioa egin dute ostegunean, Lasarte-Oriatik abiatuta. Goizeko 10:30erako zeukaten hitzordua jarrita, eta plaza gazteez bete da. Egunotan nazioarteko Erraustegien Foroa egin dute Bilbon, eta hori bide hartuta antolatu dute mobilizazioa.  Antolakundearentzat "ulertzezina" da beste herrialdeetan erraustegiak baztertzen ari diren bitartean Gipuzkoan bat eraikitzea.

Zubietakoa, esaterako, erdia baino gehiago eraiki dute jada; %60 hain zuzen, hainbat hedabidek zabaldu dutenez.  2019. urteko urrian martxan jartzea espero dute, baina lau hilabeteko probaldia izango du lehenago.

Herriaren hitza alde batera utzi eta interes pribatuen aldeko apustua egin izana leporatu diote EAJri: "Proiektu txikitzaile hauek babesten dituztenek ongi dakite gizartearen kalterako direla". Erraustegiarekin herritarrak "heriotzera kondenatuak" daudela ere ohartarazi dute: "Hilkortasun tasa %13 eta minbizi kasuak %3,5 igoko dira inguruko eremuetan".

Horrez gain, erraustegia "era guztietako ezkutukeriaz eta legez kanpoko  trikimailuekin" egin dutela salatu dute: "Lizitazioak auzitegien epaiei itxaron gabe egin dituzte, eta informazioa etengabe ezkutatzen ibili dira".

Eskaera

"Alferrikako azpiegitura kutsakor eta garestiak" eraikitzeari uzteko eskaerarekin batera, beste bizimodu baten aldeko apustua egin du Ernaik: "Bizitzak kutsatu nahi dituztenen aurrean, gu guztion bizitza erdigunean jartzera goaz". 

Euskal Herrian bizi nahi dutelako, erraustegia geldituko dutela hitzeman dute: "Zuen inperioa hankaz gora jartzeko lehen pieza botako dugu". 

Bestalde, igandean martxa egingo du Gipuzkoa Zutik plataformak erraustegiko eremura.  Bazkalosterako jarri dute hitzordua, baina hori baino lehen, aurreko erraustegi proiektua geratu zutenei omenaldi bat egingo diete. 

Hor izango dira ere Iraultza Txikien Akanpadakoak, gaurtik igandera bitartean. Kanpinak, lo zakuak eta musika tresnak eramateko deia luzatu dute. Egitarau zabala osatu dute: hitzaldiak, kontzertuak, tailerrak eta baita protestak ere.