Beste behin, erraustegirik ez dutela nahi esateko, Erraustegiaren aurkako eguna egingo dute larunbatean, Zubietan.
Goizeko 11:00etako ongi etorri ekitaldia amaituta emango zaio hasiera egitarauari, eta hamaika ekintza antolatu dituzte egun osoan zehar.
Kaxkapeko aretoetan zenbait hitzaldi entzuteko aukera edukiko dute bertaratutakoek. Besteak beste "Nafarroan errausketarik gabeko Hondakin Plana", "Errausketa eta nekazaritza" eta Valdemingomezeko esperientziak izango dituzte mintzagai.
Goizean zehar, umeentzako jolas eta tailer eremuak ere prestatuko dituzte.
Adierazpena irakurri ostean, herri bazkari goxoa dastatuko dute bertaratutakoek. Lasarte-Orian, Orbela belardendan eskuratu ahal dira otorduko txartelak.
Obra eremura martxa
Gipuzkoa Zutik herri mugimenduak ere zenbait ekintza antolatu ditu biharko egunari begira. 12:00tan, Zubietan, "Euskal Herrian ere %1 vs %99" izenburupean iritzi trukea egitea proposatu dute.
Bazkalostean, berriz, erraustegia eraikitzen hasi diren gunera egingo dute martxa. "Proiektu ustelaren aurka" desadostasuna agertzea du helburu ekintzak.
Kartzela egingo duten lur eremua ere bisitatzeko asmoa erakutsi dute antolatzaileek.