"Erraustegia gelditzeko garaiz gaude"

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urr. 18a, 11:40
Urriaren 27an Donostian egingo duten manifestazioarekin bat egin dute herritar batzuk, eta bertan parte hartzera deitu dute. Erraustegiko lanak gelditzea eskatuko dute

Gaizki egindakoak zuzendu eta egoera birbideratzeko "garaiz" dela aldarrikatu dute asteazken iluntzean, Okendo plazan. Hainbat eragile bildu dira hil amaierako manifestazioarekin bat egiteko. "Mobilizazio jendetsu baterako deialdi bateratua" egin dute. Erraustegiko lanak gelditzeko eskatuko dute. Urriaren 27an izango da ekitaldia, 19:30ean, Donostiako Mendeurren plazatik abiatuta.

Gipuzkoako erraustegiaren kontratua eten edo deuseztatu behar dela babestu dute eragileek, horretarako dauden "arrazoi asko eta anitzak" mahai gainean jarrita. Ingurumenaren aldeko defentsan atera dira batzuk, osasunaren alde beste batzuk. Baita ekonomia, jasangarritasuna eta demokraziaren alde ere. Horiek guztiak kontuan hartuz, erraustegia gelditzeko eskatu dute, aldarrikapen bateratuan.

Espainiako Kontuen Auzitegiak Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkinen alde emandako epaiak "argi" utzi du erraustegia defendatu dutenek ez dituztela herritarren osasun eta ingurumen interesak kontuan izan. Erraustegiaren aurkakoek diote gipuzkoarren interes ekonomikoak ez direla lehenetsi, eta arrazoi horien guztien gainetik, banku eta enpresa handiak gailendu direla. "Erraustegiaren proiektua gaindimentsionatua zegoela ederki jakin arren, ez dute eskrupulurik izan swap produktu espekulatiboen bidez 46 milioi euroko zorra eragiteko".

Hemezortzi erraustegiren itxiera

Arrazoi ezberdinak tarteko, atzerriko herrialdeetako hemezortzi erraustegi itxi edo geratu dituzte 2018. urtean. Horiekin batera, Espainian ere beste lau itxi dituzte, eta Zubietakoa gelditzea "posible dela" azaldu dute. Eraikina aurreratua joan arren, "ez dira atzera begiratzeko garaiak". Herritarren etorkizunak eta ongizateak merezi duelako, Gipuzkoarrak deialdian parte hartzera deitu dituzte.