Oriarte BHI institutuko ikasle, irakasle eta langileek urteak daramatzate ohitura osasungarriak lantzen, euren inguruaren kalitatea zaintzen. Argi dute hori dela bidea euren eta ondorengo belaunaldien bizimodu egokia ziurtatzeko. Baina "kezkatuta" daude. Kezkatuta, ikusten dutelako euren eskolatik gertu erraustegi bat ari direla eraikitzen: "Egindako bidean atzera egitea da, guk urtetan egindako lana alferrikako bihurtzea", adierazi dute. Errausketarik ez, birziklatzea bai lelopean, hainbat afixa eta haize errota koloredun eskuetan hartu, eta eskatu dute azpiegitura horren lanak etetea. Zubietako erraustegia ez egitea. "Behin eta berriro eskatuko dugu".
"Agintariek jarraitzen dute bultzatzen inork nahi ez duena; itsututa daude, beste herrialdeetan baztertzen ari direlako hondakinak kudeatzeko modu hori". Arduratuta dago Oriarte BHI, herritarren iritzi eta usteak "isilarazten" saiatzen ari direlako agintariak.
Intxaurrandieta eta Errazkinen aldeko kazerolada
Oriarte BHIk egindakoa ez da izan aste honetako erraustegiaren aurkako ekintza bakarra. Ostegun arratsaldean, 20:15ean, hainbat lasarteoriatarrek hartu zuten parte Ainhoa Intxaurrandietari eta Iñaki Errazkini elkartasuna adierazteko kazerolada ozenean. GHK kontsorzioko buruzagi ohiek akordio bat hitzartu zuten 2013an, erraustegiaren lanak gerarazteko. Erabaki horren harira, auzipetuta daude orain; Espainiako Kontuen Auzitegian deklaratu zuten biek, ostegunean. 46 milioi eurorainoko zigor ekonomikoa jaso dezakete. "Aukera guztiak aztertu ostean, lanen kontratua etetea zen aukera bakarra", adierazi zuen Intxaurrandietak. Errazkinek adierazi zuen "guztiz defizitarioa" izango litzatekeela erraustegia eraikitzea. Horretan dihardute gaur egungo agintariek, herritar askoren iritzia guztiz aurkakoa bada ere.