Erraustegia eta osasun ondorioak

Txintxarri Aldizkaria 2016ko mai. 22a, 12:00
GuraSOSek Orona Ideon antolatutako jardunaldietaz baliatuz, bertan parte hartzera gonbidatuak zeuden Javier Navascues 'Rivas Aire Limpio' plataformako buruak eta Clara Perales Rivaseko herritarrak Lasarte-Orian izan ziren atzo goizean. Madrilgo Valdemingomezeko erraustegiak inguruan sortu dituen osasun arazoei buruz mintzo ziren. Clara Perales da horren adibide. Hitzaldia hasi baino lehen berarekin hitz egiteko aukera izan genuen.

Erraustegiak osasunean izan ditzakeen ondorioak azaltzeko atzo goizean Madrilgo Valdemingomezko erraustegiaren aurka lan egiten duen 'Rivas Aire Limpio' plataformako Javier Navascues eta Rivaseko Clara Perales herritarra izan ziren Lasarte-Orian.

Plataformak 36 minbizia kasu direla eta erraustegiaren aurka salaketa jarri eta izapidea onartua izan da.

Javier Navascuesek 'Rivas Aire Limpio' plataformako buruak plataformaren sorrera eta honen lana azaldu zuen.  'Rivas Aire Limpio' plataformako kideak azaldu moduan, 5 milioi pertsonen zaborrak erretzen dira bertan.

 Bere hitzetan, 1990ean Rivasen erraustegiaren proiektuaren aurka borrokatu zuten, baina ezin izan zuten ezer egin. 2008 urtean, baimen berria eskuratu behar zuen eta honekin ingurumen azterketa eta azterketa epidemiologiko bat egin behar zuen Madrilgo Udalak baina ez zuen ezer egin. Hori jakinda, lanean hasi ziren eta erraustegiaren inguruan egon diren 36 minbizi kasu oinarri izanda salaketa jarri zutela adierazi zuen.

Hainbat patologia

Clara Perales da salaketa horretan aipatzen den kaltetuetako bat.

Clara Valdemingomezko erraustegitik 5 bat kilometrotara bizi da. Minbizia zuela jakin arte, osasun arazo ugari izan ditu.

 Azaltzen duen moduan, “Ibilbide luzea izan da. 1995ean alergiarekin hasi nintzen, gero asmarekin hasi nintzen. 2008 urtean, bronkoestasia edo bronkioen ehunen ezohiko dilatazioa nuela esan zidaten. Beraz, katarro bat hartuz gero, arazo larriak izan ditzaket. Nekea eta itolarriarekin negoen eta ez zekiten zer nuen. 2005ean, fibromialgia nuela esan zidaten. Sistema inmonologikoa ere baxua nuen. Azkenean, urgentzietan lau aldiz egon ostean, min handia bainuen alde batean, OTA bat egin eta 2014 urtean ez-Hodgkin linfoma nuela esan zidaten”.

Ondorioz, linfomarako tratamendua eta beste zortzi medikamentu hartu behar ditu Clarak egunero. “Linfoma murrizten ari da, baina immunodepresioa duenez ez da guztiz sendatuko”. Inmoglobulina txertoa behar du hilabetero, “ni teorian ezongo nintzateke hemen egon, infekzio bat hartzeko arriskua dudalako”.

Hau guztiagatik, bizi kalitatea galdu eta bizi itxaropena murriztu diotela aipatzen du Clarak

Gainera, osasuna asko zaindu duen pertsona bat dela azpimarratzen du, “ohitura osasuntsuak izan ditut betidanik, jatorduak ere zaintzen nituen, beraz ezin didate esan mibizia ohitura ez osasuntsuei lotua dagoela. Nik argi dut nire gaixotasunean erraustegiak eragina izan duela”. “Gaiari buruz egin diren ikerketetan aipatzen den minbizi klaseetako bat dut,” atxikitzen du.

Iruzurra

Clarak aipatzen duenez, “niretzat erraustegia iruzurra izan da, bai nire osasunari dagokionez, baita beste herritarren osasunari dagokionez ere”.  

Clararen ustez, osasuna gailendu beharko litzateke beste gauzen gainetik. Hondakinen kudeaketarako beste sistema bat ezarri beharko litzateke. Katearen hasieratik murriztu behar dira hondakinak eta herritarren mentalitatea aldatu behar da. Gaur egun dugun kontsumo ikuspegia ez da ona. Planeta bakarra dugu!”.

Plataformaren helburua erraustegia itxi eta ingurumen  azterketa eta azterketa epidemiologikoa egitea dela aipatu du. “Haiek erakutsi behar dute erraustegia ez dela kaltegarria, baina ez dute egin nahi. Rivasen haur asko dago, zein etorkizun utzi nahi diegu! ,” azpimarratu du.