Errausketari alternatiba dagoela nabarmenduz

martin-vicioso 2017ko mar. 23a, 10:36
Foru Aldundiak eskaintzen duen erraustegiaren aurrean, alternatiba "garbiago eta merkeagoa" dagoela azpimarratu dute Aire Garbiako kideek. Tratamendu Mekaniko Biologikoaren eta gaikako bilketaren balioa lehenetsi dute.

Hondakinen errausketaren ordez landu daitezkeen alternatibak aztertzeko asmoarekin, Aire Garbia plataformak hitzaldia eman zuen pasa den asteazkenean Manuel Lekuona kultur etxean. Errefusaren tratamendu alternatiboa planteatu ahal izateko, gaikako bilketa egokia egitea beharrezkoa dela nabarmendu zuten plataformako kide Joxe Mari Irazustak eta Ricardo Ortegak. 

Azken urteetan sortutako errefusa portzentajearen bilakaera azaldu zuten. 2011 eta 2015 artean birziklatu edota konpostatu ezin daitekeen hondakin kopurua %30 jaitsi zela, guztira 70.000 tona inguru gutxiago sortuz.

Emaitza eta praktika desberdinak 
Hondakinen kudeaketa Gipuzkoako lurralde historiko osoari dagokion arazoa izanik ere, herrietan oso "praktika desberdinak" egiten direla nabarmendu zuten; horiek, halaber, "emaitza desorekatuak" ematen dituztela. 

Bi multzotan sailkatu zituzten herrietako praktikak: "eredugarriak eta tamalgarriak". Udalerri gehienak lehenengo multzoan sartu dituzten arren, biztanleria osoaren laurdena besterik ez direla nabarmendu zuten. Errefusaren erdia baino gehiago sortzen duten Donostia, Irun, Eibar eta Orereta berriz, bigarren taldean dira. Izan ere, ez dira %70eko birziklatze tasara gerturatzen. Hauekin kokatu dute Lasarte-Oria.
Gaikako bilketa "normaltasunez" eta "bestelako zailtasun teknikorik sortu gabe" egin daiteke, hizlariek adierazi zutenez. Gakoa "borondate politikoa" da.

Tratamendu Mekaniko Biologikoa
Egungo Foru Aldundiak proposatzen duen errauste plantaren aurrean, Tratamendu Mekaniko Biologikoa defendatzen du Aire Garbiak. "Garbiagoa eta merkeagoa" da, haien ustez. 70 milioi euroko kostua du proiektuak, gaur egun egin nahi denaren 212 milioien aurrean.

Bildutako errefusatik ahalik eta materia aprobetxagarrien gehiena bereiztea da sistemaren funtsa.

Horretarako, ezinbestekoa da gaika biltzen den hondakin kopurua nabarmen igotzea. Eskualde batzuetan –Debagoiena, Sasieta edo Tolosaldea kasu– beharrezko portzentajeetara iritsi direla nabarmendu zuten.

Atez ateko bilketa sistema balioetsi zuten, baina udalerri batzuk beste sistema batzuekin  "posible dela erakutsi" dutela azaldu zuten. Hori bai, hizlariek azpimarratu zutenez, garrantzitsua da nabarmentzea "sortu daitekeen errefusarekin 'barra librerik' ezin litekeela egon".