"Non egongo ote gara 2051. urtean? 35 urte barru....nola biziko dira gure ondorengoak? Nolako airea arnastuko dute?". Gisa horretako galderak botaz ekin zioten manifestua irakurtzeari Maialen Iñarra eta Juanmi Galatas zubietarrek. Galdera ugari egin zituzten atzokoan, baina erantzunak ere eman zituzten. Errausketari ezetz esan zioten atzo Zubietara gerturatu zirenek.
Egun osoko egitaraua antolatu zuten Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta Gipuzkoa Zutikek: hitzaldiak goizean, tailerrak haurrentzat, adierazpenaren irakurketa, herri bazkaria, obren eremura martxa nazionala eta azken ekitaldia. Jende ugari animatu zen horietan parte hartzera.
Valdemingomezen kasua ezagutzen
Hitzaldietako bat 'Alianza incineradora de Valdemingomez no' (Valdemingomezeko errauste plantari ezetz esateko aliantza) plataformako kide Javier Navascuesek eskaini zuen. Kontatu zuen Valdemingomezeko errauste plantaren aurka borrokan nola daramatzaten hainbat urte: "Vietnameko biztanleek esan ohi zuten bezala, porrotez porrot joango gara garaipenera arte. Irabaziko dugula uste dut". Besteak beste, nabarmendu zuen euren mugimenduaren helburuetako bat dela XXI. mende hasieran bezala Madrilgo gobernuak erraustegiaren isurketen neurketa independienteak egitea lortzea. "Duela hamabost urte egindako neurketetan ikusi zuten errauste planta horrek isuritako dioxina kopurua maximoa baino 14 aldiz handiagoa zela".
"Osasun krisi batean bizi gara"
Adierazpenaren irakurketa izan zen eguerdiko ekitaldi nagusia. Esan bezala, Iñarrak eta Galatasek irakurri zuten. "Ezin dugu onartu erraustegi inposatu bat, datozen 35 urteetarako gure osasuna, ingurumena eta finantzaketa publikoa kaltetuko dituena", adierazi zuten. "Osasun krisi batean bizi gara. Gero eta minbizi eta gaixotasun berezi gehiago... Nola baimentzen dute erraustegi berri batekin kutsatzea gure airea eta ondorengoek arnastuko dutena?".
Errausketaren aurkako mugimendu sozialak orain arte egindako ibilbidea ere errepasatu zuten: "Urte asko daramatzagu 'Errausketarik ez! oihukatzen. Urteak daramatzate Gipuzkoan erraustegia egin nahian zerbitzu publikoekin aberasten diren enpresa handi ustelak eta lotsa gutxiko zenbait politikari. Erraustegia oraindik eraiki gabe egotea...ez al da garaipen bat izan?".
Era berean, goraipatu zuten hainbat udalerrik hondakinak kudeatzeko erabiltzen duten sistema alternatiboa. "Udalerri askok urratutako bideari beste guztiok jarraitzea ezinbestekoa da. Foru Aldundia gobernatzen duten alderdiei berriro esan nahi diegu: gelditu ezazue proiektua!".
Martxa eta azken ekitaldia
Arratsaldean jarraitu zuten ekintzek, Gipuzkoa Zutiken eskutik. 16:00etan abiatuta, jendetza joan zen errauste plantaren obren eremura, martxa nazionalarekin bat eginda.
Handik ordu batzuetara, arratsaldeko zortzietan, azken ekitaldia eginez eman zioten amaiera errausketaren aurkako egunari.